NAIZ

Musika urbanoan «erreferentzialtasuna» lortu du Donostia Festibalak

Asteburuak eman duenarekin pozik, musika urbanoa eskaintzen duten jaialdien artean Donostia Festibalak «erreferentzialtasuna» eskuratu duela uste dute antolatzaileek. 18.000 pertsona, inoizko gehien, batu ditu jaialdiak.

Aurtengo edizioko irudia. (NAIZ)
Aurtengo edizioko irudia. (NAIZ)

Bederatzigarren edizioa musika urbanoaren alorrean «erreferentzialtasuna» eskuratuta itxi dutela-eta pozik agertu dira Donostia Festibaleko antolatzaileak. Aurten 18.000 pertsona batu dira Donostiako hipodromoan egiten den jaialdian, orain arteko kopuru handiena.

Komunikatu baten bidez edizioaren balorazioa egin du antolakuntzak. Jaialdia «nabarmentzeko moduko intzidentziarik gabe» garatu dela azpimarratu eta bertatik pasa diren artisten maila goratu dute, Mala Rodriguez, Carlos Sadness, Beret, Maikel Delacalle, Natos y Waor, Gatibu eta Carolina Duranteren partehartzea nabarmenduz.

Bi egunez –ostirala eta larunbata– kontzertuak hipodromoan ezarri diren lau eszenatokian egin dira eta horietan musika urbanoa izan da nagusi: hip hopa, trapa, rocka eta reggeaton doinuak, besteren artean. 

Larunbatarekin itxi da jaialdia, Beret taldearen kontzertuarekin, eta, antolatzaileen arabera, «publikoak dena eman du kontzertuan», eta Ayak eta Prok bikien hip hop doinuek izandako erantzuna ere nabarmendu dute.

«Iseo & Dodosound izan ziren reggae eta dub doinuak ekarri zituztenak, eta Gatibuk euskal rocka sasoiko dagoela erakutsi dute. Bad Gyalek, dancehallaren erreginak, dantza jarri zuen publikoa bere show indartsuarekin», nabarmendu dute.

Publiko gaztea

Jaialdira batez ere jende gaztea batu da, 23 urte ingurukoa, eta erdia baino gehiago (%61) emakumezkoa izan da. Gehienak euskal herritarrak izan badira ere, jaialdiak Madril (%12) eta Kataluniako (%5) gazteak ere erakarri dituela esan dute.

Horrenbestez, antolakuntzatik hipodromoa jaialdiaren eszenatoki bezala egonkortu egin dela uste dute, «gune oso berezia baita», eta hurrengo urtean ere Donostia Festibala bertan ospatuko dela esan dute. 2020ko edizioa irailaren 18 eta 19an izango da eta, hamargarrena izango denez, «sorpresa handiak» izango direla aurreratu dute.