NAIZ

Zigor Merodio bilbotarra, aske Estatu frantsesean 13 urte preso eman ondoren

Zigor Merodio Bilbora itzuliko da gaur, Estatu frantsesean ETAko kide izateagatik jarritako zigorra osorik bete ondoren. Fresnes, Saint Martin de Ré eta Mont de Marsan eman ditu urte hauek. Senide eta lagunak zain zituen Irungo mugan, etxerako bueltan laguntzeko.

Zigor Merodio, lagun eta senideez inguraturik, gaur Irunen.
Zigor Merodio, lagun eta senideez inguraturik, gaur Irunen.

Hamahiru urtez luzatu den espetxealdia agortuta, gaur goizean Mont de Marsango kartzeleko atea zeharkatu eta Irungo mugan aske utzi dute Zigor Merodio. Bera laguntzeko senide eta lagunak hurbildu dira hara.

Bilboko Alde Zaharrekoa da Merodio eta 1974. urtean jaio zen. Bordelen 2006an atxilotu zuten Merodio, Kizkitza Gil de San Vicenterekin batera, ETAko kidea izateagatik, eta erakunde horren logistika arloan hainbat ardura leporatuz.

Fresnesen sei urte inguru eman zituen Merodiok, eta hortik Saint Martin de Ré-ra eraman zuten, beste sei urtetarako. Azkena Landetan pasa du, Gobernu frantsesak Mont de Marsanera ekarri baitzuen, Jon Rubenachekin batera, 2018ko urrian, euskal ordezkaritzarekin garatutako hurbiltze dinamikan.

Urte hauetan Zigor Merodioren izena arteari lotua ere agertu da, eskulturgintza landu duelako espetxe barruan. ‘Aldharrikatuz’ izenburupean egin zuen bere lehenengo erakusketa.

Merodio kalean delarik, gaur egun 38 dira Estatu frantsesean giltzapeturik gelditzen diren euskal preso politikoak, erdia baino gehiago Mont de Marsan eta Lannemezanen. Eta guztira 247, Estatu espainoleko kartzeletan edota etxean –espetxeratu arinduaren formula aplikatuta– direnak batzen baditugu.