NAIZ

Lagun ezagunak gonbidatu dituzte Hertzainak-en hurrengo bi kontzertuetara

Hainbat gonbidatu ezagunekin osatuko dituzte Hertzainak-en kontzertuak Bilboko Euskalduna Jauregian. Heldu den asteazkenean eta ostegunean dira hitzorduak. Garik eta Josu Zabalak Ruper Ordorika, Oskorri taldeko Natxo de Felipe eta Bixente Martinez, Gorka Urbizu eta Miren Narbaiza izanen dituzte lagun, besteak beste.

Musikari ezagunekin abestuko dituzte Garik eta Josu Zabalak Hertzainak taldearen kantak. (HERTZAINAK)
Musikari ezagunekin abestuko dituzte Garik eta Josu Zabalak Hertzainak taldearen kantak. (HERTZAINAK)

Lehenbiziko disko mitiko hura atera zutenetik 35 urte bete direla ospatzeko, hiru kontzertuko bira antolatu dute Hertzainak taldeko Garik eta Josu Zabalak. Salgai jarri orduko amaitu ziren sarrerak. Joan den asteartean, 17an, egin zuten aurreneko emanaldia, Bilboko Kafe Antzokian. Energiaz betetako bi orduko kontzertuan, taldearen errepertorio osoko abestiak jo zituzten.

Bolo hartako sarrerak berehala agortu zirenez, beste bi hitzordu jarri zituzten Garik eta Josu Zabalak, Euskalduna Jauregian, irailaren 25 eta 26an. Jendearen erantzuna aparta izan zen berriro.

Gaur ostiralean, heldu den asteazken eta osteguneko kontzertuetan eurekin batera oholtzara igoko diren lagunak aurkeztu dituzte. Gariren bakarkako ibilbidean ondoan dituen Maldanbera taldeko kideez gain, hainbat gonbidatu bereziren babesa izanen du bikoteak.

Besteak beste, Ruper Ordorika, Oskorri taldeko Natxo de Felipe eta Bixente Martinez, Gorka Urbizu eta Miren Narbaizarekin partekatuko dituzte kantuak. Platero Y Tú-ko Iñaki ‘Uoho’ Anton eta WAS taldeko Jon Agirrezabalaga, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Jon Maia bertsolariak, Joseba Agirre txistularia eta Et Incarnatus soka taldeko kideak ere igoko dira agertokira.