Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Mendilibarrek arretari eutsi eta partidaren uneak ondo interpretatzearen garrantzia azpimarratu du

Eibar Ciutat de Valencian arituko da larunbatean Levanteren aurka, denboraldiko lehen garaipenaren bila. Burgos eta Enrichekin batera, Correa eta Bigas geratu dira deialditik kanpo.

Azken bi partidetan irudi hobea eskaini duen arren, Eibarrek puntu bakarra dauka. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Azken bi partidetan irudi hobea eskaini duen arren, Eibarrek puntu bakarra dauka. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Denboraldi hasiera eskasa gauzatzen ari da Eibar. Azken partidetan, batez ere Wandako norgehiagokan, nabarmenki hobetu du, eta horrela azpimarratu du José Luis Mendilibarrek berak, baina emaitzen aldetik ez da aldaketa handiegirik egon: puntu bakarra daukatela bidaiatuko dute armaginek Ciutat de Valenciara, bihar Levanteren kontra jokatzeko.

Onartu du, horrela, entrenatzaile zaldibartarrak, «sentsazio onekin» irtetzeko, Atleticoren eta Espanyolen kontra egindakoa baino gehiago eskaini beharko duela bere taldeak. «Batzuetan galtzen duzu baina zeozer geratzen zaizu, sentsazioak… Baina galdu duzu. Sentsazio onak, benetan onak, geratzen dira partida ona egiteaz gain zer edo zer ateratzen duzunean». «Eta jokoaz hitzegitean ere –gaineratu du–, orokorrean hitzegiten dut: jokoa bera, konzentrazioa, batzuetan aurkariari jokatzen ez uztea tokatzen zaizula jakitea… Ez da bakarrik erritmoa sartzea, lan asko egitea… Futbolak alde asko dauzka. Badaude uneak partida moteldu behar duzula, emaitza ona bada gauzak luzatu behar dituzula… Eta alderdi horretan zer edo zer falta zaigula uste dut».

Izan ere, eta ohizko futbolari fideltasuna mantentzearen garrantziaz gain, beste bi alde azpimarratu ditu entrenatzaile bizkaitarrak: partidaren une desberdinak interpretatzen jakitea eta arretari eustea. Bere ustetan, azken bi neurketetan «despisteak» erabakiorrak izan dira, txarrerako. «Gelditzen bagara momentu bat, VARagatik, masajista sartzen delako… bi-hiru minutu daude ‘joan’ egiten garela. Momentu horiek jokatzen jakin behar dugu eta guk ez dakigu».

Izan ere, eguneroko lana nolabait aldatzea ere pasatu zaio burutik. «Esan diet jokalariei, normalean gure entrenamenduak azkarrak izaten dira, denbora gutxi egoten da ariketa batetik bestera eta beharbada bi orduko entrenamenduak egin beharko ditugu eta gelditu, hasi, gelditu, hasi… ea horrela konzentratzen garen. Baina nik uste dut hobe dela ohi bezala lan egiten jarraitzea eta konzentrazioa mantentzea ezinbestekoa dela jakitea».

Jokalariek «zelai barruan asko hitzegin behar» dutela erantsi du Mendilibarrek, ildo horretan.

Honekin batera, zaldibiarrak inplikazio kolektiboa nahitaezkoa dela gogorarazi du, batez ere taldeak baloia galtzen duenean. «Txipa azkar aldatu behar da baloia galtzen duzunean, jokoa ez delako gelditzen, jarraitu egiten du. Horretan ere hobetu behar dugu. Eta ez da bakarrik defentsaren kontua. Defentsa aurreratuarekin jokatu dezakegu baina erdi eta goikaldeko jendeak deskonektatzen badu baloia galtzean, ezin dut defentsa aurreratuta izan, bizkarra behin eta berriro harrapatuko baitigute. Argiak izan behar gara zer egin behar den jakiteko: ondo estutzen ari garela eta goiko jendea bere lana ondo egiten ari dela? Ba defentsa aurreratua mantendu ahal izango dugu. Aurkariak daukala baloia eta ezin dugula estutu? Ba ipurdia atzera bota beharko dugu. Denek parte hartu behar dute horretan, aurrekoen lanarekin eta atzelarien ikustearekin, euren aurrean gertatzen den guztia ikusten baitute. Eta horren ondorioz erabakiak hartu beharko dituzte, batzuetan lerroa aurreratua mantentzea izan daiteke eta bestetan ipurdia atzera botatzea, aurkariak aurrera egin baino lehen», nabarmendu du.

Larunbatean bereziki garrantzitsua izan daiteke teoria guzti hori ondo aplikatzea, Levantek denboraldia zein ondo hasi duen eta nola jokatzen duen kontutan hartutua. «Aurrelari biak goian uzten ditu, trantsizio azkarrak egin ahal izateko», gogorarazi du Mendilibarrek. Oso desberdinak izan arren, talde biek «nola jokatzen dugun oso argi dugula» esan du.

Partida hori da, bestetik, entrenatzailearen ardura nagusia. Eta bakarra, hurrengo zortzi egunetan Eibarrek hiru partida (Levanteren aurka Valentzian eta Sevilla eta Celtaren kontra Ipuruan) jokatu beharko dituen arren. «Ez ez, honetaz bakarrik pentsatzen ari gara. Gero badaude egun nahikoak hurrengoa prestatzeko». Onartu du, berriz, aste honetako emaitzak garrantzitsuak izan daitezkela. «Galtzen dugunean ez dut sailkapena begirtzen –aitortu du–, baina lau jardunaldi besterik jokatu ez ditugunez, alde oso handiak ez dira egongo. Hurrengo partida irabazten badugu edo hiru hauetan emaitza onak lortzen baditugu, hor egongo gara. Galtzen badugu, berriz, aldeak orduan bai izan daitezkeela dexente handiagoak. Gure asmoa betikoa da, partida bakoitza irabazteko helburuarekin planteatzen dugu».

Deialdia
18 jokalarikin bidaiatuko du Mendilibarrek Valentziara. Esteban Burgos eta Sergi Enrich, biak minduta, deialditik kanpo geratu dira. Eta eurekin batera, Rober Correa eta Pedro Bigas.

Hegalaria denboraldiko lehen hamaikakoan egon zen baina geroztik apenas 5 minutu jokatu ditu eta aurreko astean ere harmailan geratu zen. Bigasen are eskasagoa da momentuz: Yoel atezainarekin eta lesionatuta dagoen Burgosekin batera, oraindik jokatu ez duen armagin bakarra da.