Dabid Lazkanoiturburu

Taiwan, gero eta isolatuago Txinaren aurrean

Kiribati irlako Estatuak Taiwanekin harremanak hautsi ditu. Txinaren diru laguntzen eta inbertsioen promesek bultzatuta, zazpi dira Taipein Gobernu soberanista eratu zenetik, 2016tik, Taiwanetik aldendu diren Estatuak. Hong Kongeko matxinada zapaldu ezinean dabilen honetan, Pekinentzat pozteko albiste bat Txinako Errepublika Popularraren sorreraren 70. urtemugaren bezperatan.

Salomon Irlek erabaki bera hartu zuten duela bi egun. (SAM YEH/AFP)
Salomon Irlek erabaki bera hartu zuten duela bi egun. (SAM YEH/AFP)

Kiribati irlako Estatuak, Hego Pazifikoan, Taiwanekin zituen harremanak hautsi ditu, Salomon Irlek duela bi egun egin zuten bideari jarraituz.

Horrela, bada, Taiwan gero eta isolatuago agertzen da eta 15 estaturen errekonozimendua baino ez du egun. Kiribati irlaren erabakiarekin zazpi dira Taiwanetik urrundu eta Txinara hurbildu direnak 2016ko hauteskundeen ondoren Tsai Ing-wenek Taipeiko Gobernuko presidentzia eskuratu zuenetik. Bere alderdia soberanista da eta Pekinetik urrun mantentzearen alde dago.

Tsai Ing-wen Taiwaneko presidenteak ez du bere haserrea ezkutatu eta zera egotzi dio Kiribatiri, «benetako adiskidetasun baten gainetik Txinako xake partidan peoi bat izatea erabaki» duela.

Joera batean kokatzen den kiribatiarren erabakia garaipena da Pekingo Gobernuarentzat, Txinako Errepublika Popularra sortu zeneko 70. urteurrena ospatzeko 10 egun falta diren honetan.

Mao Zedongek 1949ko urriaren 1ean errepublika komunista eratu zuenean aurreko Txinako agintariak, Tchang Kai-chek presidente ohia tartean, Taiwanen, aitzinako Formosan, babestu ziren.

Ordutik bi aurkariek, Pekinek eta Taipeik, benetako Txinaren titulua aldarrikatzen dute eta munduko estatuei bata edo bestea errekonozitzeko aukera baino ez diete ematen.

Kontinenteko Txina potentzia ekonomikoa eta politikoa bilakatzen ari zen heinean herrialde gehienak, AEBek eta Europako estatuek tartean, Taiwan ez errekonozitzea erabaki zuten eta enbaxada bidali zuten Pekinera.

Duela urte batzuk hogei bat estaturen babesa baino ez zuen Taipeik, gehienak Latinoamerikako eta Pazifikoko herrialde txiroenak. Taiwan onartzen duen Europako Estatu bakarra Batikanoa da.

Hauteskundeei begira

Tsaik Taiwaneko presidente kargua hartu zuenean presio diplomatikoa areagotzea erabaki zuen Pekinek. Batez ere bere Alderdi Progresista Demokratikoak (APD) ez duelako onartzen irla Txina bakar baten parte dela dioen printzipioa.

APD Kuomintang (KMT) alderdiari gailendu zitzaion hauteskundeetan. Tchang Kai-chek eratu zuen KMT mugimendu «pantxinatarrak» 2008an Pekinera gerturatzea erabaki zuen. 2015ean eskuak elkartu zituzten Xi Jinping Txinako presidenteak eta Taiwangoak, Ma Ying-jeouk. Gerturaketa hori bertan behera utzi zuen Tsairen garaipenak.

Presio diplomatikoa areagotzeaz gain, Pekinek komunikazio guztiak eten zituen Taiwanekin. Ekitaldi militarrak ugaldu egin ditu eta zigor ekonomikoak ezarri dizkio.

Ordutik hona, eta diru laguntzak eta inbertsioak mahai gainean jarriz, zazpi Estatu «lapurtu» dizkio Taiwani.
Tsai presidenteak bereari eutsi dio eta urtarrileko hauteskundeak «askatasunaren eta demokraziaren aldeko borroka» bezala aurkeztu ditu.

Hala ere, borroka horretan Txina erraldoiaren moduko etsai bati irabaztea guztiz ezinezkoa dela ondorioztatzen ari dira taiwandar asko. Alexander Huang Taipeiko Tamkang Unibertsitatean nazioarteko harremanen irakaslea dugu. «Taiwandarrek Formosako itsasarteko bi aldeen arteko harremanak sakonean aztertu beharko dituzte (…) Benetan nahi dugu Txinarekiko gorrotoarekin jarraitu ala politika hau berraztertzea komeni zaigu?».