Mikel Zubimendi

Colt konpainiak AR-15a, AEB-etako errifle «kuttuna» ekoizteari utzi dio

Colt konpainia mitikoak zibilentzat AR-15 ekoizteari utziko diola aurreratu du. «Merkatu arrazoiak» aipatu ditu bere erabakia justifikatzeko, baina merkatuaren datuek ez dute halakorik adierazten.

AR15erriflea
AR15erriflea

Sobietarrentzat AK-47 fusila zena, estatubatuarrentzat AR-15 erriflea izan da. Diseinu sinple eta mekanika efiziente batekin, oso zehatza eta hilgarria den arma honek milioika maitale ditu AEBetan. Gorrotatzen dutenak gehiago izan arren, AR-15aren jabeentzat ez dago harekin tiro egitea baino adrenalina leherketa atsegingarriagorik. Etxaldera sartu den basapiztia edo lapurra hil dezaketeela diote, baina oroz gain, maitaleentzat, erriflea beren herrialdearen baloreen –askatasuna, indarra, autosufizientzia– gauzapena da.

Orain ekoizteari utziko diotela iragarri dute. Vietnamgo gerran popularizatu eta AEBtako kulturaren parte bilakatu den errifle automatikook azken garaiotan gertatu diren masazko tiroketa eta sarraskietan erabili dira. Horrek sortu duen kontrakotasunean egon liteke konpainia ospetsuaren erabakiaren funtsean.

1960. urtean Colt konpainiak bereganatu zuen AR-15aren patentea. Bere arintasunagatik, mantenu errazagatik eta moldagarritasunagatik, AEBtako armadak berea egin –M16 bertsioan– eta Vietnamango gerran famatu egin ondoren, 1980. hamarkadatik aurrera herritarrei saltzen hasi zen. Irak eta Afganistango gerrek ikusgarritasun handia emanda, «merkatu zibilean» arrakasta itzela izan dute.

Oso hilgarria, tiroketez betetako herrialde batean

Baina AR-15aren ibilbidea ez zen hor eten. Balari ematen dion abiaduragatik eta jaurtitzen dituen bala kopuruagatik, pertsonen gorputzaren ehunetan eragiten dituzten kalteak beste arma batetik ateratzen diren balenak baino askoz ere hilgarriagoak dira. Hezurrak eta organoak txikitzen ditu eta odol jarioa biderkatu egiten du.

Eta, jakina, AEBetan paisaiaren parte bilakatu diren masazko tiroketa eta sarraski askotan AR-15 erabili da. Azkenak, Texasko El Pason eta Ohioko Daytonen, 24 orduko tarte batean 30 hildako utzi zituzten tiroketetan. Horrorearen tamainak ikustita, estatubatuar askorentzat AR-15 «errifle kuttuna» izateari utzi eta krimenak egiteko «arma negargarri» bilakatu da. Eta zibilen eskuetan ez uzteko, erriflearen erabateko debekatua ezartzea eskatzen duten ahotsak ugaritu egin dira. Azken inkesten arabera, herritarren %60a asaltorako errifle guztiak debekatzearen alde dago.

Kezka publiko honen aurrean eta armak izatearen eskubidearen aldekoen artean, presio bikoitz horren tira-biran, harrapatua geratu da Colt konpainia. Zibilendako AR-15 ekoizteari uko egiteak, Colt konpainiaren arabera, ez du Konstituzioaren Bigarren Emendakin sakrosantuaren kontrako heresia esan nahi, «enendakin horrekin konprometituak gaudelako konpainiaren sortze beretik, eta hala jarraituko dugu aurrerantzean».

Baina aldeko eta kontrakoen artean dantza egin beharraren ariketa delikatu horretan, konpainiak erabaki bat hartu du: Colt marka mitikoarentzat masazko krimen horiekin lotzea «garestiegia» da. Beraz, hobe polizia eta militarrentzat soilik ekoiztea.

Patentea izan arren, AR-15a hain moldagarria izanik, beste konpainia askok ere ekoizten dituzte erriflearen bertsio edo modelo ezberdinak. Eta, ama-konpainia, AEBtako historian leienda bilakatu den Colt konpainia atzera bota arren, zibilentzako produzitzen jarraituko dute beste konpainiek, «merkatuaren eskariari erantzun bat» ematen.

Noiz arte? Ez dago esaterik. Baina Colt konpainiak atzera egiteak seinale indartsu bat uzten du eta, bere demontre guztiekin, bide-erakusle izan daiteke. Edo ez.