Haritz Larrañaga
BAIONA

CGT sindikatuak deituta, 800 manifestari Baionan pentsioen erreformaren kontra

Macronen Gobernuak egin nahi duen pentsioen erreformaren kontrako lehen mobilizazio sindikala CGTk deitu du Ipar Euskal Herrian eta eranzun zabala izan du. Adar desberdinetako langileak bildu dira, ez dutela «amore emango» aldarrikatzeko.

Pentsioen erreformaren kontrako manifestariak, Santespirituko zubian. (Guillaume FAUVEAU)
Pentsioen erreformaren kontrako manifestariak, Santespirituko zubian. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako tren geltokitik abiatu eta Suprefeturan amaitu den manifestazioan 800 pertsonek hartu dute parte, Polizia frantsesaren arabera. Mobilizazioa deitu duen CGT sindikatura txaleko hori ugari batu da, bai eta Solidaires eta Lutte Ouvriere sindikatuko nahiz Alderdi Komunistako kideak ere.

«Pentsio, soldata, eta zerbitzu publiko hobeagoen alde» esaten zuen pankarta nagusiaren atzean adar desberdinetako langileek mezu propioak zituzten. Besteak beste, zamaketariek, irakaskuntzako langileek edo osasun arloko langileek haien aldarriak erantsi dizkiote mezu nagusiari.

Ilunguneak erreforman

Emmanuel Macronek ezarri nahi duen pentsioen erreformak «ilungune» asko dituela salatu dute sindikatuek. Sandra Pereira-Ostanel CGTko ordezkariak adierazi duenez, oraindik zehaztu ez dituzten puntu asko daude: «Erakunde, alderdi eta sindikatuekin elkarrizketa iragarri du Macronek, baina egiaz nahasmena sortu nahi dute, ez dute erreforma aldatzeko asmo garbirik erakutsi».

Orain artean lortutako eskubideek eremu askotan atzerakada jasango dutelakoan, datozen aste eta hilabeteetan mobilizazio ugari izango dira Estatu frantsesean, eta pentsioen gaia eztabaida politikoko lehen lerroan izango da.

«Apur bat atzera egin dute, ikusi dutelako mugimendu sozial handia sortu dela, baina oraindik zerbitzu publikoak arriskuan» dira, adierazi du CGTko ordezkariak. Izan ere, bere iritziz, «eskuratutako puntuen araberako sistema unibertsal batean oinarritu nahi dute erretreta, finean kolektiboa dena maila pribatura murrizteko».

Modu berean mintzatu da manifestazioan parte hartu duen Itxaro Borda idazle ezaguna: «Puntuzko sistema unibertsala ezarri nahi dute, baina zenbat balioko du puntu bakoitzak? Nork erabakiko du puntuen balioa? Dena ilunean da, eta hala ere, badirudi nola edo ahala erreforma ezartzeko asmoa dutela».