NAIZ

Donostiako 15Klasikoak hiru distantzia desberdinetan korrika egiteko aukera eskainiko du

Bost, hamar eta hamabost kilometroko lasterketak egongo dira urriaren 20an, prestakuntza maila desberdina duten korrikalariei parte hartzeko aukera emanez.

Aurkezpena gaur eguerdian egin dute Donostiako udaletxean (PRENSA FLY GROUP)
Aurkezpena gaur eguerdian egin dute Donostiako udaletxean (PRENSA FLY GROUP)

Gaur eguerdian aurkeztu dute Donostiako Salto Systems 15Klasikoa lasterketa. Tradizio handiko proba da eta 3.000 korrikalari baino gehiago espero dira urriaren 20an Gipuzkoako hiriburuan.

Aurtengo berrikuntzen artean, bereziki aipatu behar da parte-hartzaileek hiru distantzien artean aukeratu ahal izago dutela: 5, 10 edo 15 kilometroko ibilbideen artean, hain zuzen ere.

Proba motzena 9.40an hasiko da, rollerrak 9.55ean, 10 kilometrokoa 10.30ean, mugikortasun murriztua dutenak 10.40an eta 15 kilometrokoa 11.00etan.

Irteera Madrilgo hiribidean kokatua egongo da eta helmuga, azken urteetan gertatu den bezala, Anoetako Miniestadioan. Helmuga inguruan, gainera, gaztelu puzagarriak jarriko dira haurrentzat, Real Sociedad Fundazioarekin lankidetzan.

Eta horrez gain, lasterketa hau korrikalari askok Behobia prestatzeko erabiltzen dutenez, zazpi erbi egongo dira irteeran eta Behobiakoen erritmo berdinak eramango dituzte lasterketa osoan, Mikel Huartek, Fly Groupeko arduradunak Donostiako Udaletxean azaldu duenez.

Orain arte izena eman duten korrikalarien artean, %30a dira emakumezkoak dira distantzia luzean, %39a 10 kilometroko lasterketan eta %58a distantzia motzean. «2025. urtean parekotasuna lortu nahi dugu. Gero eta gertuago dugu helburua», aipatu du horren harira Huartek. «Denontzat pentsatutako lasterketa izatea zen gure helburua, eta hiru distantziekin lortu dugula uste dugu».

Goi-mailako atletei buruz, emakumezkoen artean Maitane Guerrero, Sara Alonso, Maite Arraiza, Lourdes Colomo, Saioa Arkonada, Izaro Rubio eta seguruenik Aratz Rodríguez irteeran izango direla esan dute. Gizonezkoen artean, Ander Sagarzazu, Xabier Lukin edo Alvaro Calderon izan dira aipatu diren izen batzuk.

Azkenik, Huartek jakinarazi du jasangarritasuna ere lantzen ari direla Udalarekin elkarlanean. Eta adibide modura aipatu du lasterketako kamiseta plastikozko poltsarik gabe jasoko dutela korrikalariek.