Michael Woods kanadiarrak irabazi du Milano-Torino klasikoa

EF taldeko igotzaileak sekulako erasoa jo du azken 200 metroetan eta aurrea hartu die Alejandro Valverderi eta Adam Yatesi.

Asier AIESTARAN|09/10/2019 15:53
Woods
Michael Woods izan da indartsuena Supergako helmugan (NAIZ)

Michael Woods kanadiarrak merezitako garaipena lortu du Milano-Torino klasikoan. EF taldeko igotzailea izan da Supergako Basilikan amaitzen den azken igoerako protagonista nagusia. Berak apurtu du tropela lau kilometroren faltan, eta eraso eta kontraeraso askoren ondoren, bera izan da indartsuena azken metroetan ere.

Daniel Savini (Bardiani), Nicolas Dalla Valle (UAE), Joan Bou (Nippo), Joey Rosskopf (CCC) eta Remi Cavagna (Deceunicnk) izan dira eguneko ihesaldia osatu duten bost txirrindulariak. Eta Cavagna frantziarra izan da aurrean denbora gehien iraun duen ziklista.

Baina Supergako lehen igoeran sekulako erritmoa ipini du Ineos taldeak, eta hortxe amaitu da Cavagnaren ametsa. Igoera horretako azken metroetan Gianluca Brambilla (Trek) italiarra izan da aurrera egiten saiatu dena, baina bere saiakerak ez du arrakasta handirik izan. Ineosek sekulako erritmoa ipini du bai igoeran eta baita jaitsieran ere.

Azken igoerara iritsi aurreko kilometroak oso biziak izan dira, talde asko saiatu dira erritmoari bizi eusten, eta behin lehen aldapak hasi direnean, lau kilometroren faltan, Jakob Fuglsang (Astana) izan da erasoa jotzen lehena.

Daniarrak Adam Yates (Mitchelton) eraman du berarekin, baina lasterketa benetan apurtu duena Michael Woods izan da, erasoa jo eta erritmoari denbora askoan eutsi baitio. Aipagarria izan da Gorka Izagirreren lana, Woodsi jarraitzeko gai izan baita Jack Haigekin (Mitchelton) batera.

Baina oraindik asko falta zen gora iristeko, eta atzetik aurrera eginez punta-puntako ziklistak batu dira borrokara. David Gaudu (Groupama) izan da lehena, eta berekin batera eraman ditu Egan Bernal (Ineos), Yates eta Alejandro Valverde (Movistar).

Haigek lan polita egin du Yatesentzat, baina Woodsek ez zituen horrenbeste aurkari nahi bere inguruan eta berriz ere aurrera egin du: lehenik Gaudurekin bakarrik, gero Bernal, Valverde eta Yates gehitu dira, eta azkenean baita Bauke Mollema (Trek) eta Tiesj Benoot (Lotto Soudal) ere.

Baina Woodsek oraindik beste erritmo aldaketa bat zeukan gordeta, eta 200-300 metroren faltan jo duen azken erasoari ezin izan dio inortxok ere eutsi. Garaipen bikaina kanadiarrarentzat, larunbatean jokatuko den Il Lombardia klasikorako faborito nagusietako bat dela erakutsiz.

Bigarren Valverde izan da, hirugarren Yates, laugarren Benoot, bosgarren Gaudu eta seigarren Bernal.