Naiz

Kontuz!-ek Patxi Zamoraren kasua salatzeko Europako Parlamentuan ekimena egingo du

Duela bi urte Patxi Zamora Iberiako langilea kaleratu zuten nahiz eta enpresak aitortu duen 31 urtetan ez zuela hutsik egin. Guardia Zibilak hegaldi txartela kendu zionean, enpresan lanean jarraitzeko bidea ere kendu zion.

Patxi Zamora bere kontrako dokumentuak erakusten. (Iñigo URIZ/FOKU)
Patxi Zamora bere kontrako dokumentuak erakusten. (Iñigo URIZ/FOKU)

Kontuz! Kontsumitzaile, Zergadun eta Erabiltzaineen Elkarteak Europara eramango du Patxi Zamora kidearen kaleratzearen afera. Izan ere, Zamorak, Kontuz!-eko bozeramailea dena, Iberian egiten zuen lan enpresarentzat «arriskutsua» den giro batetan murgilduta izateagatik kaleratu zutenean.

Gerora, Iberiak berak kaleratzea bidegabea zela aitortu zuen, hutsik gabeko espedientea eta inolako gatazkarik gabe eman zituelako 31 urte lanean. Enpresak kaleratzea «bermatu ezin dituen oinarrizko forma-akats zehatzen ondorio» dela dio, alegia, Kontuz!-ek salatzen duen bezala, «Guardia Zibilak lanerako ezinbestekoa duen hegaldi txartela erretiratu diolako, arrazoi edo argudiorik eman gabe».

Hala, elkarteak uste du Espainiar estatua Europako zenbat zuzentarau eta araudi urratzen ari dela. Auzitegi Gorenak Zamoraren kasua aztertuko badu ere, bidegabekeria agerian geratu dadin, ekimen bat gauzatuko du Europako Parlamentuan.

«Ikuspegi juridikotik nabarmentzekoa da zitalkeria honen kontra bi urtez jardun ondoren, Auzitegi bakar batek ere ez diola gaiaren mamiari heldu. Bakar batek ere ez du galdetu zergatik kendu dioten hegaldi txartela Patxi Zamorari, bere kaleratzea behartuz», zabaldu du elkarteak.

Euren ustez, «Guardia Zibilak inongo argudiorik gabe hartu duen erabakia aurrez ezarritako zigorra da, indefentsioa eragiten duena». Horren aurrean, «Guardia Zibilak inpunitatearekin jokatzen» duela salatu dute, modu horretan erabakiz nork egin dezaken lan eta nork ez «bakoitzaren aktibismo politiko eta sozialaren arabera».