Naiz
Pasaia

Bidegabekeriei erantzuteko bozka independentistez hautestontziak betetzeko deia egin du Iñarrituk

EH Bilduren Kongresurako hautagaiak uste du Estatuari eman diezaiokegun «min handiena» «txalo demokratikoa» dela, azaroaren 10ean boto abertzale, independentista eta ezkerrekoa emanez. Altsasuko gazteen eta Kataluniako politikarien egoera «bidegabekeria» dela uriztu du.

EH Bilduren Kongresurako hautagaia den Jon Iñarritu Pasaian izan da gaur. (@ehbildu)
EH Bilduren Kongresurako hautagaia den Jon Iñarritu Pasaian izan da gaur. (@ehbildu)

EH Bilduren Kongresurako hautagaia den Jon Iñarrituk Altsasuko sententzia «bidegabekeria» bat dela adierazi du gaur goizean Pasaian egin dituen adierazpenetan. Era berean, Katalunian preso dauden politikarien egoera ere injustizia bat dela uste du, eta horregatik alderdiak Bartzelonara delegazio bat bidaliko du datozen egunetan.

Gertatzen ari den horri aurre egiteko modua azaroaren 10ean bozkatzera joatea dela uste du Iñarrituk. «Kriston aukera dugu bidegabekeria horiei erantzuteko modurik onena boto abertzalea, independentista eta ezkerrekoa ematea da. Hori da estatuari min handiena eman ahal diona, txalo demokratiko bat eman ahal diogu. Egun hauetan zentzua hartzen du Montesquieuk esaten zuena, azken finean injustizia handiena da legeen menpean egiten dena eta justizia itxurakeriarekin egiten dena», azpimarratu du.

Aste honetan ezagutzera eman den Altsasuko gazteen sententziari buruz esan du «taberna baten egondako liskar baten ondorioz, agintarien aurkako eraso batengatik dagoen zigorrik altuena ezarri zaie, eta gainera batzuk esaten digute ez dela hainbesterako lehenago terrorismoarengatik eraman zituztelako Auzitegi Nazionalera», kontatu du, eta gehitu du halako antzerako kasu asko eman direla azken urteetan baina Altsasukoa dela epaitegi horretara iritsi den bakarra.

Kataluniari buruz aipatu du sententziaren berri «tantaz tanta» ezagutzen ari garela. «Ez dauka zentzurik arazo politiko bat bide judizialetik bideratzea», aldarrikatu du. Jakinarazi duenez, hurrengo egunetan EH Bilduko delegazio bat egongo da Bartzelonan, eta presoei babesa emateko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartuko dute, Katalunian zein Euskal Herrian.