NAIZ

Adegiren jardunaldiaren aurrean prekarietatea irudikatu dute LABek eta Ernaik Donostian

Donostian NewCulturers Gunea antolatu du gaur Adegik, eta horri prekarietatearen errealitatea erakutsiz erantzun diote Ernaik eta LABek. «Olatura igota dagoen patronalaren aurrean, lan eta bizi duinaren alde egiten dugu arraun», esan dute.

Langileak, nekez arraunean patronalaren ontzi berean. (Maialen ANDRES | FOKU)
Langileak, nekez arraunean patronalaren ontzi berean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Adegik antolatutako NewCulturers Gunea hartu duen Donostiako Tabakaleraren ondo-ondoan gazteek eta sindikalistek antzezpen bitxia egin dute: «lan eta bizi duinaren alde» arraun egiten aritu dira, «olatura igota dagoen» patronalaren oztopoak gainditu nahiean.

Bere hitzetan, Gipuzkoako enpresarien foro honetan «enpresa eredu berri batez mintzo zaigu. Ametsik gozoenetan ere irudikatu ezingo genituzkeen enpresa eredu berri batez mintzo zaigu: gimnasio eta guzti, langileon denbora errespetzen dutenak... Errealitatetik, baina, urrun dago eredu hau, Adegik egun eskaintzen dizkigun enpresa eta lan harreman eredutik oso urrun», erantzun diote.

Adibide batzuk jarri dituzte: Fresmak, «asko esan eta gutxi egin, sari asko jaso ditu baina langileontzat inoiz ez dago saririk»; Ibarmia, «ez dute inongo sindikatura afiliatutako langilerik kontratatzen, sindikalgintza ‘de facto’  debekatuta dago»; Sidenor, «348 langileetatik 328 dira gizonezkoak eta 20 emakumezkoak. Eta hori, ‘berdintasunaren alde lanean’ kanpaina martxa jarrita daukatenean»; Sarralle, «ez dute afiliatutako langilerik kontratatzen, sindikalgintza ‘de facto’  debekatuta dago»; GKN, «inbertsio funts espekulatzaile batek erosita du eta edozein momentutan hondoratu liteke ‘guztiona’ den trainerua».

«Bistan da. Adegi eta langileok ez goaz traineru berean arraunean, ezta joango ere. Bere interesen alde poltsikoak ongi beteta jarraitzeko patronalak aurpegia zuritzen jarraitzen duen bitartean, gazteok, langileok, aurrean izango gaitu», laburbildu dute LABek eta Ernaik.