Louis Aragon eta John Berger batu dira Munduko Poesia Kaieretara

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan Udazkenero Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu dira gaur Donostian: lehena, Louis Aragon frantsesari buruzkoa, John Berger ingelesaren gainekoa bigarrena. Itziar Diez de Ultzurrun eta Iñigo Roque aritu dira itzultzaile lanetan, hurrenez hurren.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA|16/10/2019
Poesia-kaierak
Beñat Sarasola editorea eta Iñigo Roque itzultzailea, gaur, Donostian. (Jon URBE I FOKU)

Euskaraz poesia irakurtzeko aukerak zabaldu egin dira gaur. Bi gizon, bi izaera, bi estilo, nor berak berea, propioa. Louis Aragon (Paris, 1897) eta John Berger (London, 1926) Susa argitaletxearen eskutik heldu dira gure hizkuntzara, eta badira dagoeneko Munduko Poesia Kaierak bildumaren parte.

Bizitza luzea izan zuen paristarrak. 1897an jaioa eta 1982an zendua, ia XX. mende osoa ikusi zuen begien aurretik pasatzen. Tartean, ezbairik gabe markatu zuten gertaerak: Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan parte hartu zuen, aurrenekoan mediku lanetan, besteak beste. Bizipen haiek guztiek, jakina, eragina izan zuten bere poesian, Beñat Sarasola editoreak azaldu duenez.

Paris jaioterria eta inspirazio iturri izan zuen eta abangoardiaren hastapenetan kokatzen bada ere, dadaismo eta surrealismoaren baitan, harago joan zen. Esaterako, ‘Litterature’ aldizkaria sortu zuen 1919an Philippe Soupaultekin batera, dadaismoaren aldizkari garrantzitsuenetako bat, hain zuzen. Ondoren, matxinsaltoak bezala, salto egin zuen surrealismora Andre Breton poeta eta idazleak korronte hura sortu zuenean.

Bi liburu aipatu ditu Sarasolak, Aragonen lehen bi poema liburuak: ‘Bozkariozko sua’, 1919an idatzia; eta ‘Mugimendu etengabea’, 1926an egina. Bada Susak editatu duen antologia honetako lehen bi poemak bi lan hauetatik atereak dira.

Amodiozko poemak eta Bigarren Mundu Gerra

Aragonen obran bi lerro garrantzitsu somatu daitezke: bata amodiozko poemak dira, «zentzu zabalean», zehaztu du Sarasolak. Hortxe aipatu gabe ezin utzi Elsa Triolet, urte luzez bikotea izandakoa. Errusiarra zen eta 1928an ezagutu zuten elkar. Hortik sortu zuen Aragonek ‘Elsaren zikloa’ deitutakoa. Poema famatuenetako bat da ‘Elsaren begiak’, eta kaieran topatuko du irakurleak.

Beste lerro azpimarragarria Bigarren Mundu Gerra da eta erresistentzia esperientziak. ‘Dunkerkeko gaua’ poema ezaguna ere liburuan jasoa dago.

Aragonek amodioaz tipiko tokikoetatik aldentuta idazten zuen, eta lengoaia poetikoa erabat menperatzen zuen, neurriak, errimak… ugari ziren. Hortxe erronka izan du Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak. «Lan bikaina» egin duela aurreratu du Sarasolak, Aragonen nortasuna eta poemen izaeran izpirik galdu gabe.

Berger, lehen aldiz euskaraz

Itzultzailearen figura klabea da halako proiektuetan. Erabakigarria. John Berger euskarara ekartzearen lanaz mintzatu da, hain zuzen, Iñigo Roque. Gaur aurkeztutakoa da, gainera, euskarara itzulia izan den Bergerren aurreneko lana, eta poesiarekin izan da «estreinaldia».

Sentsibilitate artistiko handia zuen autoreak, eta esan daiteke poesia arte osagarri bezala erabili zuela. Berandu, oso berandu ailegatu zen bere lehen poema liburua, 70 urte zituela: ‘Zauriaren orriak’. Bertan bildu zituen 1956 eta 1994 urteen artean idatzitako poemak. Baina hau ere ez zen poema liburu huts bat, izan ere testuak irudiez, argazkiez lagunduta argitaratu baitzituen.

«Bergerrek omen zioen poesia egiten zuela besterik egiteko ez zuenean, ez marrazteko, ez beste ezer… eta niri antzeko zerbait gertatzen zait. Poesia irakurtzen dut burua beste ezertarako ez dudanean», adierazi du itzultzaileak. Ondo ezagutzen du idazlearen lana, baina bertigoa ere sentitu du itzulketa lanetan. «Egilearekin kontrastatzerik ez duzunean, beti gelditzen da zalantza…», onartu du, eta testu orijinalak irakurketa bakarra edo anitzak dituen ere galdegitea ebitaezina gertatzen da. Adierazi duenez, ez ziren edertu behar ziren testuak, edo soinu jokoa exijitzen zutenak.

Maitasuna sentsualitate handiaz deskribatzen zuen, migrazioak ere asko interesatu zitzaizkion eta natura beti izan zen inspirazio iturri. Zuhaitzak, animaliak, landa eremua…