Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

«Leo, sabanako errege» albuma egin dute Gurrutxaga anai-arrebek

Mikel Gurrutxagaren testuak eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioak erabat uztartu dira «Leo, sabanako errege» albumean. Katua da, baina bere burua lehiotzat du, eta etxea da bere ustezko erreinua. Ez da, ordea, jaun eta jabe, eta lehiakide bat ere izango du.

Mikel eta Maite Gurrutxagak jarri dizkiote albumari testua eta ilustrazioak. (Jon URBE I FOKU)
Mikel eta Maite Gurrutxagak jarri dizkiote albumari testua eta ilustrazioak. (Jon URBE I FOKU)

Anai arrebak dira Mikel eta Maite Gurrutxaga. Lehena idazten da trebea, bigarrena marrazten. Sinbiosi perfektua ematen da, izan ere testua eta irudiak, irudiak eta testua bete betean uztartu dituzte ‘Leo, sabanako errege’ albumean. Ez da liburu bat, ez eta liburu ilustratu bat. Albuma, bi elementu horiek erabat bat egiten dutelako, azpimarratu du Elkar argitaletxetik.

«Ohitura dut zertan ari den galdetzeko, horri ondo egokituko zaion testu bat sortzeko», azaldu dio Mikelek NAIZi gaur goizean egindako aurkezpenean. Ume bat biberoi batetik esnea edaten, alboan katua bere pototik, gauza bera egiten. Marrazki sekuentzia horrekin zebilen eskuartean Maite. «Irudi horietatik tiraka tiraka sortu dugu albuma, bertan istorio bat bazegoela uste nuen. Proposamen bezala bota nion, katu haundi uste bati etxean haur bat sartuz gero, zer uste duzu gertatu zitekeela?», galdegin zion arrebak anaiari.

Leo da protagonista, etxe batean eroso eta goxo bizi den katua. Bere burua, ordea, lehiotzat du. Telebista piztuta dago eta bertan ageri den lehioaren bizimodua eta izaera barneratu ditu, hainbeste, horietako bat dela sinisteraino.«Katua ikusiko dugu etxetik mugitzen, baina iritsiko zaigu telebistako ahotsa, dela lehoi baten istorioa Afrikan gertatzen dena. Hortik aurrera sustoren bat ere gertatzen da», azaldu du Mikel Gurrutxagak.

Bi istorioak, hau da, telebistan agertzen dena eta etxean gertatzen dena, uztartzea ere ondo lortu dute buelta asko emanda. «Oso ariketa garrantzitsua» izan dela kontatu dute egileek, bi istorio dira, bata irakurtzen dena eta bestea ikusten dena. «Leku desberdinetatik datozenak baina, hori nola uztartu isotrio bakarra kontatzeko?», galdegin du ilustratzaileak. Hor gakoa eta asmo nagusia.

Nortasun bikoitza

Buruhuste batzuk eman dizkie erronka horrek, onartu dutenez. Lehenengo gauza, katuaren nortasuna definitzea izan zen. Izaera misteriotsua badu guretzat, etxekotutako animaliengandik hain ezberdina dena zerbait badu Leok. Bi aurpegi ditu: basatia alde batetik, eta honek ez dio uzten gure esanetara erabat makurtzen uzten, baina otzana, lasaia aldi berean «etxean eroso eta goxo» bizi delako. Honek kontraesanik ez dio sortuko, ordea, Leo protagonistari, bera konbentzituta dagoelako saban bizi dela. Bere ustea da sabanako errega dela, hau da, etxeko erregea. «Telebistan entzuten dugu lehoiak jatekoa nahi adina duela, erregea delako, eta beti lortzen duela sabanan jatekoa, baina ikusten dugu nola ematen ari zaien jatena, pentsuaren kajan burua sartuta. Katu horrek uste du merezi dula, baina ikusiko dugu katu mimatua dela azken batean. Hori izan da jolasa», zehaztu du ilustratzaileak.

Abiapuntua izan ziren marrazki haietan bezala, albumean ere badago haur bat. Katua eta haurra etxea berean. Dudarik gabe, honek gatazka sortuko du. Denak eztanda egiteko arrazoia da hain zuen ninia, akzioa hortxe hasten da, familiara kide berria ailegatzen denean.

Emaitza oso bisuala da, erakargarria. Horia, gorria, ubel-urdina… Ilustrazio biziak formatu erosoan. Begirada kolpe bakarraz harrapatzen da begi aurrean irekitzen den orrialdea. «Albuma tipula bezalakoa da, geruzak eta geruzak ditu, helduak ideia batzuk aterako ditu, haurra beste gauza batzuetaz ohartuko da…». Alde horretatik, publiko guztientzat aproposa dela iradoki dute Elkarretik.