Maider IANTZI

Eñaut Martikorena garaile Andoaingo lehen final-laurdenean

Eñaut Martikorena hernaniarrak irabazi du, ongi merezita, Andoainen jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdena. Halako perlak utzi ditu: «Paroan egotea ez da dotorea/ baina morrontzan baino askozaz hobea».

Eñaut Martikorena kantuan eta kideak atzean, gustura entzuten. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Eñaut Martikorena kantuan eta kideak atzean, gustura entzuten. (Idoia ZABALETA/FOKU)

476 punturekin, Eñaut Martikorena, izaera bereziko bertsolari hernaniarra gailendu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Andoaingo lehenbiziko final-laurdenean. Bigarren egin du, 467 punturekin, Iban Urdangarin ataundarrak. Ondotik etorri dira, puntuetan nahiko hurbil, Unai Mendizabal (460,5), Iñaki Apalategi (458,5), Asier Azpiroz (458,5) eta Beñat Iguaran (447).

Martikorenaren lanaren adibide, Iguaranekin batera osatu duen Seiko Motza. Eñaut eta Beñatek zahar etxe batean ezagutu dute elkar. Bertatik ihes egiteko plana egin dute. Bihar da eguna.

«Zahar etxe honetan gaude/ gure min eta edade/ pastilla ohiko kontua hemen egualdian pare/ ni ez nago honen alde/ ezin segitu debalde/ bertan usteldu baino lehenago in dezagun alde», Eñauten lehenbiziko bertsoa.

Gaur begi guztiak Katalunian izan arren, Andoaingo Bastero kulturgunea beteta egon da (baita kataluniarrenganako keinuz ere) eta publikoak gogoz txalotu du irabazlea.

Saioa Zortziko Handian ongi, indartsu hasi, eta Hamarreko Txikiko ariketa aldean apaldu egin dela iruditu zaigu, gero Eñautekin Kartzelan berriro goitik amaitzeko. Martikorena zuzenean pasatuko da finalerdietara eta gainontzekoek kideen puntuazioaren zain egon beharko dute.

Bertso gose dagoenak igandean, Irunen du hitzordua, bigarren final-laurdenean.