Maider IANTZI

Agin Labururentzat lehen postua Irunen, puntuetan alde handiz

Honela gelditu da sailkapena Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdenean, Irungo Amaia antzokian jokatu den saioan. Lehen lekuan, 495 punturekin, Agin Laburu; ondotik, kasik 40 puntu gutxiagorekin, 455,5ekin, Beñat Lizaso; berarekin berdinduta, Haritz Mujika; 451,5ekin, Unai Gaztelumendi; 445,5ekin, Iñigo Izagirre; eta 425,5ekin, Maider Arregi.

Agin Laburu kantuan, kideak gibelean dituela. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Agin Laburu kantuan, kideak gibelean dituela. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Mugak gainditzera etorri da Agin Laburu Astigarragatik Irunera, eta gustura egoteko moduan da, berea izan baita lehenengo postua eta, beraz, finalerdietan kantatzeko txartela.

Adibidez, Maider Arregirekin batera ederki aritu da 80 urteko pertsona baten paperean. Urteak dira elizatik aldendu zirela. Gaur konfesatzera joatea proposatu dio Maiderrek Agini.

«Guk nahi degun guztia esan dezakegu/ adin honek gaur egun Maider horixe du/ nahi deguna eginez guk 80 negu/ usteko dezu baino ez gaude gazte gu/ ta penitentzirako denborik ez degu», bota du Aginek. Bete-bete egin da Irungo Amaia antzokia eta entzuleen igandea gozatu dute bertsolariek.

Lizaso eta Mujika, berdinduta

Beñat Lizaso eta Haritz Mujika izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, puntuetan berdinduta, Aginengandik koska handi batera. Fin ibili dira biak.

Lizasoren lanaren adibide, seiko motzean Unai Gaztelumendirekin kantatu duena. Bien gurasoak bananduta daude. Zeinek opari hobea egin ari zaizkie azken boladan. Hona Beñaten lehena: «Ez delako gauz berdina/ orain arte eragina/ aitak ta amak opariekin zer nolako grina/ nahiz ta egin den haundina/ ez al da gauza jakina/ opariekin ez da estaltzen emandako mina»

Mujikaren bertso bat hautatzekotan ere, ariketa berean Labururekin abestutako lehen bertsoa idatziko genuke, amak sare sozialetan kontua irekitzeko laguntza eskatu ondotik: «Etxeko andre izana/ bere gain zeuzkan bi zama/ orain kolpetik aldatu zaigu ta ze panorama/ facebooka ta instagrama egin nahi omen du dana/ eskutatikan ziharo joaten ari zaigu ama».

Unai Gaztelumendi, Iñigo Izagirre eta Maider Arregi izan dira hurrengoak puntuen sailkapenean. Lan ona egin dute hirurek eta bereziki Arregiren ekarpena nabarmendu nahiko genuke hemen, puntuetan azken egin arren, kartzelan bertsoak pentsatzeko hartutako denboragatik besteak beste.

Hirugarren final-laurdena heldu den larunbatean izanen da, Eibarko Coliseo aretoan.