NAIZ

Irango Judo Federazioa zigortu dute Israelgo kirolarien aurka lehiatzea ekiditeagatik

Saeid Mollaei judoka irandarrak salatu zuenez, presioak jaso zituen Munduko Txapelketan finalerdia nahita galdu eta finalean Sagi Muki israeldarraren aurka lehiatu beharrik ez izateko.

Mollaei, egoera salatu duen judoka (WIKIPEDIA)
Mollaei, egoera salatu duen judoka (WIKIPEDIA)

Nazioarteko Judo Federazioak zigorra ezarri dio Irangoari bere kirolariek Israelgoen aurka lehiatu beharrik ez izateko eginiko mugimenduengatik.

Zehazki, Saeid Mollaei judoka irandarra izan zen bere federazioaren partetik jasotako presioak salatu zituena. -81 kiloko mailan munduko txapeldun izana, Mollaei finalerdietara iritsi zen abuztuan Tokion egin zen Munduko Txapelketara. Baina, antza denez, Irango Federazioko ordezkariek borrokaldia nahita galtzeko presio egin zioten, finalean Sagi Muki israeldarraren aurka neurtu beharrik ez izateko. Azkenean Mollaei bosgarren izan zen eta Mukik urrezko domina irabazi zuen.

Irailaren 18an behin-behineko zigorra ezarri ostean, Nazioarteko Judo Federazioak baieztatu du zigorrari eutsi egingo diola, bere araudian «olinpiar izpirituaren errespetua (...) neutraltasun politikoa eta unibertsaltasuna» aipatzen direlako bete beharreko neurri gisara. Horregatik, «Nazioarteko Federazioak antolatzen dituen lehiaketa guztietatik kanpo» uzten du Irango Judo Federazioa, «bere araudia beteko duela eta kirolari israeldarren aurka lehiatzeko inolako trabarik ez duela jarriko erakusten duten berme sendoak aurkeztu arte».

Zigorra Tokioko Olinpiar Jokoak hasteko bederatzi hilabete bakarrik falta direnean iristen da, eta kontuan izan behar da judoa dela dominak lortzeko Irango delegazioak duen aukera nagusietako bat. Irango Federazioak 21 egun ditu orain nahi baldin badu TAS erakundearen aurrean helegitea aurkezteko.