Amalur ARTOLA

Nobelaz mozorrotutako ipuin-bilduma da ‘Iturria’, Unai Elorriagaren lan berria

Ipuin-bildumaren arima duen eleberria da ‘Iturria’, Unai Elorriagaren lan berria. Road movie eroenaren gisara, ipuingile baten aztarnari segika mundua zeharkatuko duten bi adineko dira liburuko protagonistak.

Unai Elorriaga, Tobacco Days liburu-dendan egin den aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Unai Elorriaga, Tobacco Days liburu-dendan egin den aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Nobelaren katamaloaz apaindutako ipuin-bilduma da «Iturria», Unai Elorriagaren lan berria. Ipuinak elkarren artean josiz egituratu nahi zuen liburua idazle algortarrak, baina matazak pisua hartu eta bizitza propioa bereganatuta, Pedro Iturriaren pertsonaia sortu zuen. Gaur Hungarian eta bihar Danimarkan, idazten dituen ipuinak tokian tokiko hizkuntzan argitaratzen ditu itzultzaileen laguntzaz Iturriak eta duela 50 urte haren ikaskide izandako Soro Bartureni haren bila abiatu behar duela otuko zaio. 78 urte eta oraindik eragozpen fisikorik sorrarazten ez dion gaixotasuna ditu Sorok eta, Erroman lagunarekin batera, ipuin berria argitaratzen den aldiro hara bidaiatuko dute bi adinekoek, Iturria topatzeko esperoan.

«Nobelaz mozorrotutako ipuin liburu bat da», nabarmendu du Elorriagak Donostiako Tobacco Days liburu-dendan Susa-ko editore Leire Lopez Ziluagarekin batera egin duen aurkezpenean, «gertatzen dena da mozorro hau gehiago dela Veneziako hanpatu horietakoa, ipuinak berak baino potoloagoa bilakatu dela. Baina niretzat balio literarioa dutenak ipuinak dira», jarri du azpimarra.

Liburuaren arima Pedro Iturriarena bada ere, Soro Barturenen pertsonaiaren pisua eta honek bildumari ematen dion umore ukitua ere nabarmendu ditu. «Heldu da edade batera non esan nahi duena esan eta egiten duena egiten duen, filtrorik gabe, eta horrek egoera komikoak sortzen ditu. Ipuinak gehiago dira beste gauza batzuk tratatzeko», azaldu du.

Hari nagusian umorea erabili duen bezala, ipuinetan harridura bilatzen ahalegindu dela ere baieztatu du. Elorriagak hasiera-korapiloa-bukaera egituratik ihes egin eta harridura sortzen duten ipuinak eraiki nahi izan ditu, horiek baitira berari, irakurle bezala, «barrua mugitzen» dizkiotenak. «Harritzen naizenean hasten naiz gozatzen eta literaturan sakontzen, eta ahalegina egin dut harridura hori bilatzeko. Umorea bera ere, nahi bada, harritzeko beste modu bat da».

Soro Barturenen Itaka

Elorriagaren hitzetan, Soro Barturenek «bere Itakaren bila» egiten duen bidaia ere bada liburua. Itxuraz osasuntsu dagoen arren, gaixotasun larria du Sorok eta, «bere ‘hilzori’ horretan, Itakaren bila doa». Soroen Itaka, idazle algortarraren hitzetan, gaztetasuna litzateke, «edo, nahi bada, iturria, iturburua, sorlekua». Elorriagak, berariaz, argitu gabe utzi du zein litzatekeen «iturri» hori.

Bukatzeko, gutunazal bat atera eta igorlearen datuak erakutsi dizkie kazetariei: Pedro Iturriaren izena irakur daiteke. «Ez da broma, atzo iritsi zitzaidan hau: Pedro Iturriak idatzi zidan eta bere liburu bat bidali zidan», esan du, harridura ezkutatu gabe. Elorriagak haren berri ez bazuen ere, Iruñean bada Pedro Iturria izeneko euskaltzale bat, Estafetako botikan lan egiten duena. Euskarari buruz idatzi duen liburu bat bidali dio idazle algortarrari: «Literatura zoragarria da batzuetan».