Jon Ormazabal

Oinatz Bengoetxeak ezin izan du partida amaitu eta Laso izango da Altunaren arerioa finalerdian

Partida oso gogorra jokatzen ari ziren Baikoko bi nafarrak, baina Bizkarretakoa 8-11 irabazten ari zela, ipurtaldean mina sentitu eta ezin izan du jarraitu.

Oinatz Bengoetxeak ezin izan du partida amaitu. (Iñigo URIZ/FOKU)
Oinatz Bengoetxeak ezin izan du partida amaitu. (Iñigo URIZ/FOKU)

Inork nahi ez zuen eran, baina Unai Laso izango da Jokin Altunaren arerioa Lau eta Erdiko txapelketako finalerdietako batean, Oinatz Bengoetxeak ezin izan du eta Labriten jokatu duten partida amaitu. Partida ona, bizia eta gogorra ari ziren jokatzen Baikoko bi nafarrak baina, Laso 8-11 irabazten ari zela, leitzarrari aurreko ostiralean Gernikan izandako lesioa agertu zaio berriz eta ezin izan du jokatzen jarraitu.

Aste guztian zalantzan izan ostean, ostegunean jokatzeko erabakia hartu zuen Oinatz Bengoetxeak eta ondo ekin dio partidari, baina bere esanetan, «aurrekoan amaitzea lortu nuen baina gaur fuerteago eman dit hor azpian eta ezin izan dut jarraitu». Hala ere, txapelketa guztian ez bezala, «partidako une batean gustura aritu naiz pilotan eta hori niretzat garrantzitsua zen. Gainera Unaiek merezi du, sekulako txapelketa egiten ari da eta pozten naiz beragatik».

Pena, beraz, bikoitza izan da, bi pilotariak partida polita eskaintzen ari baitziren Labriteko neguko denboraldiaren hasieran. Presioa berea izan zitekeen arren, Unai Lasok oso ondo egin ditu gauzak gaurkoan ere eta, ausart baina serio jokatuz, bi tantora zuen eguneko lehen helburua Oinatzek min hartu eta jokatzeari utzi dionean. Finalerdian sartzeko era ez da berak aukeratuko zukeena, baina merezimendu osoz egin du aurrera.

Alberdik eman du ezustekoa

Ezustekoa Promozio mailako finalerdian gertatu da, Jon Alberdi azpeitiarrak lortu baitu finalerako txartela, Asier Agirre faboritoari 19-22 irabazita. Arrotxapeakoak hobeto ekin dio partidari eta alde nabarmenak izan ditu markagailuan, baina orduantxe lasaitu da Alberdi eta bere jokorik onena atera. Ezker gantxoa bikain erabili du eta bere ibilbideko lehen finala jokatuko du bihar Peña II.ak eta Egiguren V.ak Tolosan jokatuko duten partidaren irabazlearen aurka.