11 kafe Euskal Herriko 11 herritan, emakume ekintzaileen beharrak erdigunean jartzeko

Azaroaren 19rako, Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunerako, programa aurkeztu du astelehen honetan EmakumeEkin elkarteak. Networking jardunaldi bat eta oparotasunari buruzko tailer bat hartzen ditu barrenean. Sare profesionalak sortzea eta emakume ekintzaileen beharrak erdigunean jartzea dira helburuak.

NAIZ|04/11/2019
Emakumeekin
Miren Lauzirika eta Izaskun Rama EmakumeEkineko presidenteak eta presidenteordeak Donostian aurkeztu dute egitaraua. (Maialen ANDRES/FOKU)

Datorren azaroaren 19ko Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunaren harira, EmakumeEkin elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, emakumeek gidatutako ekintzailetzari ikusgarritasuna emateko xedearekin.

Egitarauak Euskal Herriko 11 herritan aldi berean hartuko diren 11 kafe izango ditu ardatz eta beste bi ekintzekin osatuko da: tailer bana egingo da Gasteizen eta Bilbon, eta azken honetan baita networking jardunaldi bat ere.

Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Eguna Nazio Batuek ezarri zuten 2014an, ekintzailetzarako emakumeek enpresa eta finantza ingurunean dituzten oztopoez sentsibilizatzeko.

Miren Lauzirika eta Izaskun Rama EmakumeEkineko presidenteak eta presidenteordeak Donostian aurkeztu dute programazioa. Jakinarazi dutenez, enpresa sortu duten emakumeen ikusgarritasuna, sare profesionalak eta ekintzaileen beharrak erdigunean jartzeko espazioak bultzatu nahi dituzte.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekintzailetzari buruzko GEM (Global Entrepreneurship Monitor 2018) azterlanaren arabera, ekintzailearen profila 42 urteko emakume batena da. Emakume horrek goi-mailako eta graduondoko ikasketak ditu kasuen erdietan. EAEn, emakumeen %4,5ek sortzen du ekintzailetza egitasmo bat (gizonen %5,6k), eta 10 gizoneko 8 emakumek erabakitzen dute ekintzailetzari ekitea.

Datu ekonomikoek, ordea, itxurazko berdintasun horretatik urruntzen gaituzte. Norberaren konturako lana gizonen eta emakumeen arteko ordainsaria parekatzeko aukera bat izan daitekeen arren, besteren konturako lanaren soldata-arrakala %16koa da eta norberaren konturako lanaren kasuan %28ra igotzen da.

Kontzientzia hartzearen onurak

Lauzirikak gogoratu du EmakumeEkinek sei urteko ibilbidea daramala sareak eta ahalduntze indibidual eta kolektiboa funtsezkoak direla sinetsita. «Emakumeek kontzientzia hartzeko eta ahalduntzeko prozesuak egiten dituztenean, beren posizionamendu profesionala hobetzen dute eta beren enpresak indartzen dituzte».

Helburu horrekin antolatu ditu elkarteak azaroaren 19rako jarduerak. Ekitaldi nagusia 11 kafe izango dira, Euskal Herriko 11 herritan, 11.00etatik aurrera.