Asier ROBLES

Langileen eskubideei buruzko informazioa ezagutarazteko webgunea jarri du martxan LABek

LAB sindikatuak Bizilan.eus webgunea aurkeztu du. Langileria osoari baliagarriak zaizkien informazioak ezagutarazteko tresna berria da. Webgune barruan hainbat kolektiborentzako atal desberdinak sortu dituzte.

LABen Bizilan.eus webgunearen aurkezpena.
LABen Bizilan.eus webgunearen aurkezpena.

LAB sindikatuak Bizilan.eus webgunea martxan jarri du gaur. Bilboko egoitzan egindako aurkezpenean Igor Arroyok, LABeko idazkari nagusiaren ondokoak, azaldu duenez, atari berria «langileria osoari baliagarriak zaizkien informazioak ezagutarazteko» sorturiko tresna da.

«Langile hitza erabiltzen dugunean lanean, langabezian, erretiratuta edo ikasten dauden pertsonen inguruan hitz egiten ari gara eta, horregatik, Bizilan webguneak kolektibo hauen guztien egoerak hartzen ditu kontuan», zehaztu du Arroyok.

Bertan, langileen eskubideen inguruko informazio argia aurkitu ahalko da; ohiko zalantzak, kolektibo bakoitzaren eskubideak, informazio gehigarria… Gainera hainbat kolektiborentzat atal desberdinak sortu dituzte, bereziki sindikalismoa hain barneratuta ez dutenei buruz, hala nola, etxeko langileak, gazteak, migranteak, autonomoak, aniztasun funtzionala, pentsioak, prestazioak…

Kaleratze baten aurrean, kontraturik gabeko egoeran, gizarte segurantzan alta ematen ez badizute zer egin eta nora jo azaltzen da atarian, besteak beste.

Webgune hau sareratzea azken urteetan LABek martxan jartzen ari duen «beste emaitza bat» dela adierazi du Arroyok. «Duela bi urteko biltzar nagusiaren ondoren argi eta garbi ikusi genuen sindikalgintza birpentsatzeko behar bat zegoela. Prekarizatutako hainbat sektorek oso urruti ikusten dute sindikalgintza, eta hainbat eremu sindikalizatu gabe daude», aitortu du.

Horregatik, sindikatua langileria osatzen duten kolektibo desberdinei «gerturatu» egin behar zela ikusi zuten, «langile subjektua bere aniztasun osoan kontuan hartuz, eta horren barruan dauden kolektibo guztientzako eskaintza eraginkorrak eginez». Helburu horrekin jarri dute abian Bizilan.eus webgunea.