Nagore BELASTEGI

Euskal ‘Stranger Things’ bat osatu du Xabier Etxeberriak ‘Txoria nintzela’ ipuin liburuan

Euskal Herriko edozein herritan 80ko hamarkadan gertatu zitezkeen kontuak biltzen ditu Xabier Etxeberriak ‘Txoria nintzela’ ipuin bilduman. Bere haurtzaro eta nerabezarora itzuli da mutil koadrila bati eta horien ingurukoei urteetan zehar jarraipen bat egiteko. Normalean eleberriak idazten dituen arren, oraingoan narrazio laburrean murgiltzera ausartu da.

Idazle zarauztarrak bere lehen ipuin liburua egin du. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Idazle zarauztarrak bere lehen ipuin liburua egin du. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

‘Stranger Things’ telesailak 80ko hamarkadako haur koadrila bat du protagonista. Milioika ikusle bezala, Xabier Etxeberria zarauztarra ere telesail horren jarraitzailea da. Ikusi zuenean konturatu zen Estatu Batuetako 80ko hamarkada primeran islatzen duela, baina Euskal Herriko errealitatea, bere haurtzaro eta nerabezaroa, bestelakoa zela. Hori dela eta, Euskal Herriko iragan horretan kokatzen den ipuin liburua idatzi du, ‘Txoria nintzela’ (Elkar).

Eleberriak egin ohi ditu normalean, bakarka batzuetan eta anaia Martinekin besteetan. «Ipuin idazleei galdetzen diote ea noizko nobela, eta niri galdetzen zidaten ea noizko ipuinak. Nobelista sena dugunok tranpak egiten ditugu ipuinak idazterakoan», esan du idazleak aurkezpenean. 2012an ‘Udazkeneko lorea’ idatzi zuenean ipuin liburu bat izateko pentsatu zuen, nahiz eta azkenean eleberria atera zitzaion, baina oraingoan benetako ipuin liburua lortu duela uste du, berak aipatutako «tranpa» duen arren: «zazpi ipuin dira eta pertsonai batzuk errepikatu egiten dira».

Honela, lehen ipuinean 1982. urtean 10-11 urte dituzten mutil koadrila bat ezagutzen dugu, eta hurrengo testuetan horietako baten anaia, arreba, arrebaren lagunak... ezagutzen goaz, adinean aurrera egiten duten heinean sare bat eratuz. Garaiak eta lekuak oso zehatzak diren arren, ez da herri izenik aipatzen. «Euskal Herriko edozein herri izan daiteke, Zarautz izan daiteke», esan du.

Etxeberriak Iban Zalduaren gomendioei jarraika, ipuin liburu egoki bat osatzeko gakoa guztiak desberdinak egitea dela-eta bakoitzari tonu bat ematen saiatu da. Batzuk ironikoak dira, beste batzuk dramatikoagoak eta azken batzuetan fantasia puntua ere sartu du. Guztietan surrealistena ‘Txoria nintzela’ izena daraman ipuina da, liburuari izena –eta azala– ematen diona. Itoiz taldearen ‘Hegal egiten’ eta Imanol Urbietaren ‘Txoria nintzela’ kantei erreferentzia egiten die ere bai, biak ala biak 80ko hamarkadako imaginarioko osagaiak.

Idazleak esan duenez, beste liburuak idazteko baino dokumentazio lan gutxiago egin behar izan du, azken finean bizi izan duen zerbaiten berri ematen duelako. Hala ere, bilatu behar izan du informazio pixka bat; «ahaztu egiten zaigu nolakoak ziren gauzak lehen».