Idoia Garzes idazleak irabazi du Augustin Zubikarai saria

Idoia Garzesen ‘Mendiko giltza’ nobela-proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Orain, idazle lasartearrak urtebeteko epea edukiko du proiektutik abiatuta liburua idazteko.

NAIZ|DONOSTIA|07/11/2019
Idoia_garzes
Idoia Garzes idazlea ‘Hari single bat’ liburuaren egilea da. (EREIN)

Idoia Garzes idazlearen (Lasarte-Oria, 1973) nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita lau lan aurkeztu dira sariketa honetara, eta horien artean Garzesen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.
 
‘Mendiko gaitza’ du izena Garzesek proposatutako proiektuak eta «nobela beltz atipiko bat dela esan liteke», Elkarretik ohar bidez adierazi dutenez. Arlet Anaut da protagonista, asperger sindromea duen emakume gazte bat, bere mendi-ibilaldi batean kasualitatez desagertze baten arrastoa agerian jarriko duena eta, ezustean, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dutena. «Berezia da Arlet, eleberriko protagonista eta narratzailea: besteentzat bitxiak diren pentsamenduak ditu, eta oro har ez du erraz konektatzen jendearekin», azaldu dute iturri berberek. Arletez gain, leku berezia izango dute nobelan desagertua alargun femme fatale-a eta kasuaz arduratuko den Ertzaintzako agentea.

Iazko Xabier Lizardi haur literaturako saria eskuratu zuen Garzesek, eta narrazio saritu hori Erein argitaletxeak eman zuen argitara: ‘Hari single bat’ (2019).