NAIZ

Zazpi euskal film labur lehiatuko dira Zinebiren 61. edizioan

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdia ostiral honetan hasiko da Arriaga Antzokian egingo duten ekitaldiarekin. Bertan Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal laburmetraiak eskainiko dira Claire Simon eta Wang Bing saritu ostean.

Euskal laburmetraien aurkezpena. (Gorka RUBIO | FOKU)
Euskal laburmetraien aurkezpena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 61. edizioa inauguratuko da ostiral honetan eta azaroaren 15 era arte luzatuko da. Hasiera ekitaldiaren baitan Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film laburrak eskainiko dituzte eta, bestalde, Claire Simon zinemagile frantsesari eta Wang Bing zuzendari txinatarrari Ohorezko Mikeldia emango diete. Ekitaldia 20.00etan hasiko da, Arriaga antzokian.

Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean, zazpi euskal zinemagileek egindakoak dira, eta gaur arratsaldean Arriaga antzokian proiektatuko dira. Film horiek honakoak dira: Lur Olaizolaren ‘Xulia’ –film dokumentala–, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren ‘Mateoren ama’ –fikziozko lana–, Jesus Mari Lazkano eta Josu Veneroren ‘Artico’ –film dokumentala–, Josu Martinezen ‘Anti’ –fikziozko lana–, Ainhoa Gutierrezen ‘Medvedek’ –film dokumentala–, Lander Ibarretxerten ‘Regina’ eta Paula Iglesias eta Ana Sernaren ‘Solo son peces’ –film dokumentala–.

Zazpi filmak lehian arituko dira sari desberdinak lortzeko lehian. Horien dira Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusia (6.000 euro), Zine Espainiarraren Sari Nagusia (6.000 euro), lehiaketako hiru generoetako –fikzioa, dokumentala eta animazioa ataletan desberdintzen direnak– Mikeldi sariak (5.000 euro), Ikus-entzuleak-EiTB Saria (3.000 euro) eta Euskal Gidoi Onenaren SGAE- Euskadi Kontseilua Saria (3.000 euro).

Irekiera ekitaldia

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoak zuzenduriko ekitaldian, Claire Simonek «Europako zine garaikidearen forma narratiboen eta estetikoen eta lengoaiaren berrikuntza erradikalaren alde egin duen apustua» aintzatetsiko du Zinebi jaialdiak.

Gainera, Wang Bingek «zine garaikideko zinemagile berritzaileenetako gisa» aintzatesten duen saria jasoko du irekiera ekitaldian. «Bere begirada guztiz originala da, eta, horren bidez, aldi berean hunkigarria eta erabat objektiboa den eran, ahotsik gabeko jendea eta ahaztuta dagoen Txina hartan jende horrek bizirik irauteko aurrera daraman borroka erakusten jakin du», adierazi dute Zinebiko antolatzaileek.

Halaber, aurrez aipatu bezala, ekitaldiaren amaieran, lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburrak proiektatuko dira. Zehazki, 57 film laburrek hartuko dute parte Zinebi 61eko Sail Ofizialean, 18 fikziok, 22 dokumentalek eta 17 animaziok.