Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Euskal dantza tradizionalak ditu oinarri Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lanak

‘Bizi dantza’ disko-liburuak euskal dantza tradizionalak ditu ardatz ekologiaz, feminismoaz edo maitasun askatasunaz mintzatzeko. Xabier Zabalak eman dio bakoitzari doinu berri bat eta Leire Bilbaok sortu ditu fabulak animaliak protagonista jarrita. Dantzen hautaketan Jon Maya eta Vanesa Castaño aritu dira.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bere azken lana aurkeztu dute, ‘Bizi dantza’. (Juan Carlos RUIZ / FOKU) irritx, porrotx eta Marimototsek bere azken lana aurkeztu dute, ‘Bizi dantza’. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bere azken lana aurkeztu dute, ‘Bizi dantza’. (Juan Carlos RUIZ / FOKU) irritx, porrotx eta Marimototsek bere azken lana aurkeztu dute, ‘Bizi dantza’. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Euskal dantza tradizionalak oinarritzat hartuta, proposamen berri bat bueltaka zuten buruan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Hiruzpalau urte atzera, Jon Maya eta Vanesa Castaño dantzariek bota zioten amua. Zergatik ez gure ondarea diren dantzak hartu eta buelta berritzaile bat eman? Proposamenak forma eta izena badu jada: ‘Bizi dantza’.  

Lan korala izan da diziplina ezberdinak uztartu baitira proiektuan: musika, letrak eta ilustrazioa. Joxe Mari Agirretxe Porrotxek NAIZi azaldutakoaren arabera, dantzen pausoak berdinak dira, baina doinu berri bat eman zaie eta letrak sortu dira bereziki bilduma osatzeko. Xabier Zabala dago musikaren atzean eta Leire Bilbao idazleak sortu ditu fabulak. Maite Mutuberriaren ilustrazio erakargarriek hori guztia jantzi dute. Hori izan da azken fasea, sortutako imaginarioari arkatzez formak eta koloreak ematea.

Mundua azaltzeko

Orotara, 13 euskal dantza eta 13 doinu berri biltzen ditu disko-liburuak. Kalejira, Ohorezko kontrapasa (Agurra bezala ezaguna), Fandangoa, Dantza Jauzia eta Banangoa, besteak beste. «Euskal dantza talde eta eskoletan doinuak askotan aspaldikoak dira. [Horri buelta emateko] azken proposamen potentea Oskorrik egin zuen», iritzi du. Maya eta Castañok beharra ikusten zuten doinu berriak sortzeko, azaltzen du Agirretxek.

Beren filosofia eta identitateari fidel izan zaizkie Pirritx, Porrotx eta Marimotots, zeren hori guztia baliatu dute hainbat mezu helarazteko. «Animalien mundua ekarri dugu gurera eta gu animalien mundura hurbildu gara, haiek baliatu ditugu gizakionak diren bizipenak, arazoak eta sentimenduak azaltzeko». Adibidez, maitasuna bizitzeko modu ezberdinak daudela. Krokodiloa tximeletarekin elkartu dute, eta elefantea inurriarekin. Hizkuntza gutxiatuak ere landu dituzte, eta feminismoa. ‘Ukuiluan planto’ abestian feminismoaren aldarria egiten dute. Baserrian planto egin dute behiek, behorrek eta oiloek. Botere gosea ere jaso dute, Aulki Jokoa dantzaren bidez. Txerria almirantea da, akerra lehendakaria… denek nahi duten beren ipurdiaren azpian aulki bat. Agintzeko. «Gaur egun bizi dugun mundua gure begietatik azaldu dugu», laburbiltzen du.

Gaur arratsaldean Lasarte-Orian egindako aurkezpenarekin abiatutzat ematen dute bira. Larunbatean Eskoriatzan izango dira (17.30) eta igandean Asteasun (17.00). Xehetasun guztiak, Katxiporreta.eus webgunean daude eskuragarri.