Langile bat hil da Iruñeko Benecke Kaliko enpresan, bihotzekoak jota

46 urteko langile bat hil da Iruñean, Landaben poligonoan dagoen Benecke Kaliko enpresan, bihotzekoak jota. LABek salatu duenez, aurten Euskal Herrian lanean hil den 40. behargina da.

NAIZ|IRUÑEA|08/11/2019
Lan-istripua
Lan istripu baten aurkako elkarretaratzea Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)

LABek ohar batean jakinarazi duenez, langile bat hil da gaur goizean Iruñean, Landaben poligonoan dagoen Benecke Kaliko enpresan, bihotzekoak jota. 46 urte zituen.

Sindikatu abertzaleak salatu duenez, Benecke Kaliko enpresan «erritmo altuak, presioak eta atseden tartean urraketak nagusi dira». Gaur goizeko ezbeharra «heriotza ez traumatikoa» izan da, baina «eragin zuzena du, zalantzarik gabe, bertako langileek pairatzen dituzten lan baldintzekin», LABen ustez. 

«Prekarietatea, berriro ere, presente dago lan heriotza batean», ohartarazi du.

LABen arabera, enpresa horrek hamabost minutuko atsedenak ezarri dizkie langileei, «barne komunikazio baten bitartez». Sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatu zuen egoera hori, «baina honek ez du ezer egin, barne komunikazio batean eman zutelako neurriaren berri». Azaldu duenez, hildako langileak bere jardunaldian soilik 45 minutu zituen bazkaltzeko.

Benecke Kalikoko enpresa batzordeak elkarretaratzea deitu du heldu den astelehenerako, lan heriotza hau salatzeko. 11.00etan izango da, lantegiaren aurrean.

LABek elkartasuna adierazi dio hildako beharginaren familiari eta heriotza hau salatzeko mobilizazioekin bat egiten duela adierazi du.

40 langile hilda aurten

Gaurkoarekin, 40 dira jada Euskal Herrian aurten beren lanpostuan hil diren langileak, sindikatu abertzaleak emandako datuen arabera.