NAIZ

Hilerri berriko lanak behin behinean gelditzeko agindua eman du Debako Udalak

«Zuhurtziaz jokatu nahi dugulako Artzabaleko hilerri berriko obrak behin behinean gelditzeko agindua eman nuen atzo», adierazi du Gilen Garcia Debako alkateak (EH Bildu). Aurreko Udal Gobernuak martxan jarritako hilerri berriaren obren inguruan Ingurumen Fiskaltzak egindako salaketaren berri eman du.

Gilen Garcia Debako alkatea eta Itziar Irizar alkateordea astearte honetan eman duten prentsaurrekoan. (DEBAKO UDALA)
Gilen Garcia Debako alkatea eta Itziar Irizar alkateordea astearte honetan eman duten prentsaurrekoan. (DEBAKO UDALA)

Itziar Irizar alkateordeak eman du proiektuaren aurrekarien inguruko azalpena eta Deban hilerri berria egiteko beharra aspalditik datorrela gogoratu du, 25 urte ingurutik. Aurreko legegintzaldi amaieran hasi zituzten obrak, 2019ko ekaina hasieran hain zuzen (2018ko abenduan onartu zen proiektua, eta 2019ko apirila bukaeran esleipena).

Hala ere, Ingurumen Fiskaltzarena ez da proiektu honen aurka egon den salaketa bakarra. Aurretik izan dira Mutrikuko Natur taldearen eta Debako bizilagun baten salaketak, ustez Ingurumenaren kontra egiten duelako.

Ondoren etorri da Ingurumen Fiskaltzaren ikerketa. «Udal honen idazkaritzaren kolaborazioarekin, Ingurumen Fiskaltzan galdetu genuen ea obra gelditu behar genuen eta erantzuna ezezkoa izan zen», esan du alkateordeak.

Baina, orain, egoera aldatu egin dela argitu dute: Ingurumen Fiskaltzak 7 pertsona salatu ditu Eibarko auzitegian, ingurumenaren kontrako delitua (Kode Penalaren 329 artikulua) egin dutelakoan. Aurreko legealdiko Hirigintza batzordeko kideak dira salatu dituzten pertsonak. Horien artean, aurreko legegintzaldiko alkatea, duela gutxi arte udal idazkaria izan dena, eta udal arkitektoa, besteak beste.

«Delitua larria da, ondorio penalak ekar ditzake. Eta salaketa honek obraren beraren legezkotasuna zalantzan jarri du. Beraz, idazkariari eskatutako txostena aztertuta eta gure zerbitzu juridikoekin kontrastea egin eta gero, udal Gobernu hau obrak behin behinean gelditzera behartuta dago, debarren interesak kalte handiagoak paira ez ditzaten. Modu ordenatuan egingo dugu, hortaz, prozesua, udal zerbitzu eta enpresarekin koordinatuta», azaldu du Garciak.

Alkateak gogoratu du lehendik ere esana dutela «udal Gobernu honek gobernu ardura hartu zuenean topatu zuen egoera uste baino okerragoa zela». Halaber, espediente batzuk akatsak dituztela ikusten ari direla nabarmendu du, baina hilerrikoa «oso akats larriz beteta dagoela» konprobatu dutela orain, eta hori ezin dutela horrela utzi.

«Udal Gobernu honek gauzak ondo egin nahi ditu, eta egingo ditu. Ez dugu korrika eta presaka aritu nahi legezko diren baimenik gabe», gaineratu du Garciak.

Udal Gobernu hau «arduratsua» dela, herritarren konfiantza eskuratu duela eta Deba berri baten oinarriak jartzeko ahalegin sendoa egingo dutela azpimarratu du ere: «Etorkizuna landuko dugu, bai, baina oraina ahaztu gabe, egunero-egunero lanean nekaezin jarraituko dugu, debarren bizi-kalitatean eta ongizatean sakontzea erronka handia delako eta horri erantzuteko udal gobernu prestua eta prestatua dugulako».

Amaitzeko adierazi du aurreko legealditik datozen proiektuak zuzenduko dituela «zuzendu daitezkeen neurrian», eta berriei helduko dietela. Gogorarazi du, halaber, Gobernu plana aurkeztuko dutela hilaren 21ean.

«Plan honek Debaren aldaketaren hasiera ekarriko du. Deba garbiagoa, euskaldunagoa, feministagoa batean biziko gara, elkartasunean oinarrituta dagoena, anitza, eraginkorragoa, hitz batean, Deba hobe batean biziko gara Gobernu Plan honekin», amaitu du Garciak.