Mikel Jauregi

Iñigo Muguruzaren omenezko jaialdia, abenduaren 17an, Bilboko Kafe Antzokian

Fermin anaiak iragarri du sare sozialen bidez: Iñigo Muguruza zenari omenaldia egingo diote abenduaren 17an, Bilboko Kafe Antzokian, irundarrarekin urtetan lanean aritutako musikariek eta sortzaileek. 20.00etan hasiko den jaialdi horretarako sarrerak ostiral honetan bertan, azaroaren 15ean, jarriko dituzte salgai.

Jaialdiaren afixa, Fermin Muguruzak argitaratua.
Jaialdiaren afixa, Fermin Muguruzak argitaratua.

Abenduaren 17an, asteartearekin, jaialdi berezia egingo da Bilboko Kafe Antzokian. Haren ibilbidean lagun eta lankide izan zituen musikariek eta sortzaileek omenaldia egingo diote Iñigo Muguruza zenari. Eta data hori aukeratu izana ez da debaldekoa: irailaren 5ean zendu izan ez balitz, 55 urte beteko baitzituzkeen egun horretan.

Fermin anaiak eman du ekimenaren berri, sare sozialetan zabaldutako afixaren bitartez. 20.00etan hasiko den omenaldi horretan honako izen hauek ageri dira, besteak beste: Barixeku, Pikete Lerroa, Sagarroi, Lurra, Delirium Tremens, NG Brigada Peligrox, Tenk eta Hiru Leike (irundarraren azken egitasmoa).

Ostiral honetan bertan, hilak 15, jarriko dira hain hitzordu berezirako sarrerak salgai, goizeko 11etatik aurrera, Kafe Antzokiko webgunean.

Bi hilabete dira Muguruzatarren anaia gazteena hil zela, esklerosi anizkoitzarekin urtetan borrokan aritu eta gero. Euskal Herriko musika eszenan arrasto handia utzitakoa da Iñigo Muguruza, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi eta Lurra bezalako proiektuetan parte hartuta. Baina ez zuen soilik musikaren alorra erein, kulturaren beste eremu batzuetan ere jardun baitzuen: film laburrak zuzendu zituen, haurrentzako liburu bat argitaratu, antzerkiaren munduan ere esku-hartu zuen...