Haritz Larrañaga

Hizkuntz gutxiagotuen mobilizazio bateratua Parisen hilaren 30ean, «hizkuntzak bizi daitezen»

Estatu frantsesean diren hizkuntz gutxiagotuen ordezkariek mobilizazio bateratua egingo dute hilaren 30ean Parisko Hezkuntza Ministerioaren aitzinean. Euskal Konfederazioak bat egin du ekimenarekin eta autobusak antolatu ditu. Artean, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren manifestuak atxikimenduak batzen jarraitzen du.

Euskal Konfederazioa osatzen duten elkarte eta eragileek prentsaurrekoa eskaini dute Baionan. Guillaume FAUVEAU
Euskal Konfederazioa osatzen duten elkarte eta eragileek prentsaurrekoa eskaini dute Baionan. Guillaume FAUVEAU

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboa osatzen duten Estatu frantseseko eragile guztiek mobilizazio bateratua egingo dute lehen aldiz. Azaroaren 30ean goizeko hamaiketan Parisko Hezkunde Ministerioaren egoitzaren aitzinean batuko dira «gure hizkuntzak hiltzen dituen ministro honen politikaren kontra mobilizazteko», azaldu dute kolektiboko partaide den Euskal Konfederazioak Baionan eskaini duen prentsaurrekoan.

Euskal Konfederazioa osatzen duten elkarte desberdinetako ordezkariek hartu dute hitza, eta guztiek «egoera larria» dela nabarmendu dute. Horregatik, Jean-Michel Blanquer ministroaren politika «linguizida» salatzeko haren bulego azpian mobilizatuko direla iragarri dute.

Bi dira Euskal Konfederazioak nabarmendu dituen gai nagusiak. Batetik, Hezkuntza Ministerioak murgiltze sistemari jartzen dizkion oztopoak, eta bestetik, «Baxoaren erreformak ekartzen dituen kalte izugarriak», azaldu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak argitaratu duen manifestuan ere irakaskuntza arloan hizkuntz gutxiagotuen kontra ematen ari diren erasoak salatu dituzte, eta jada idatziak 8.000 atxikimendu lortu dituela azaldu dute. Estatu frantseseko 20 parlamentarik sinatu dute manifestua. Euskal Herrian, Max Brisson senatariak ere bat egin du idatziarekin.

Autobusak
Elkarretaratzearekin batera hitzartzeak egingo dituzte Parisen eta arratsaldean konferentziak ere izango dira. Ordea, Euskal Herritik bezperan abiatuko diren autobusak larunbat arratsaldean itzuliko dira.

Ostiralean 21:00ak eta 22:00ak bitartean abiatuko dira autobusak Larzabale, Hendaia eta Baionatik, eta larunbatean, arratsaldeko 14.00etan, ekingo diote itzulera bideari.