NAIZ

Sindikatuen iritziz, itunpeko irakaskuntzan akordioa lortu da greba areagotu delako

Gizarte ekimeneko itunpeko irakaskuntzan bi ikasturteko lan-gatazkarekin bukatu duen akordioa «gogoangarria» dela esan dute ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek, «ia eskakizun guztiak onartu» direlako. Langileen borrokan kokatu dute gakoa: «29 greba-egun behar izan dira helmugara iristeko».

ELA, Steilas eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur Bilbon. (Monika DEL VALLE /FOKU)
ELA, Steilas eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur Bilbon. (Monika DEL VALLE /FOKU)

ELA, Steilas eta CCOO sindikatuen irirtziz EAEko gizarte ekimeneko itunpeko irakaskuntzan lortutako akordioa «inoiz ez bezalakoa izan da» eta «langileen antolamendua eta grebak areagotzea» izan dira giltzarriak.

Bilbon eskainitako agerraldi bateratu batean, sektoreko langileek 10 urtez hitzarmena berritu gabe egon direla gogoratu dute, eta «grebari eta grebalariei esker» eskakizun «gehienak» lortu direla nabarmendu dute.

Lorpen nagusienen artean hezkuntza laguntzako espezialisten eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleen jardunaldiaren murrizketa eta koordinazio lanetarako lortutako orduak aipatzen dituzte. Gela itxieren aurrean birkokapena eta erretiro partzial aurreratua ere aipatu dituzte, baita soldaten eguneraketa edota lan kargak arintzeko neurriak eta ordezkapenak ere.

Patronalaren eta Lakuaren «jarrera tematia»

ELA, Steilas eta CCOO sindikatuen esanetan, itunpeko irakaskuntzaren lan-gatazka luzatu bada «patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera temati eta antinegoziatzaileagatik» izan da.

Adierazi dutenez, «azken unera arte» ez dituzte planteatu akordioa ahalbidetu duten edukiak eta proposamenak. «Behin eta berriz deitu diegu patronalei eta Hezkuntza Sailari, eduki eta proposamen egokiak aurkeztera eta gatazkaren konponbidean parte hartzera», azaldu dutenez. Gaineratutakoaren arabera, aurreko bi ikasturtetan 27 greba-egun behar izan dira, hilabete jarraituko greba-deialdi bat eta langileen «jarraipen zabala» hasierako egunetatik akordio batera heltzeko.

Sindikatuek grebalariak zoriondu dituzte, gatazka luze honetan «erakutsitako irmotasun eta indarragatik».