NAIZ
HERNANI

Mundu osoko adituak bilduko dira III. Sagardo Forumean, azaroaren 21etik 25era

Azaroaren 21etik 25era ospatuko da III. Sagardo Foruma, Hernanin eta Donostian. Bertako eta nazioarteko adituek parte hartuko dute eta sagardoaren alorrak azken urteotan izan duen bilakaera aztertuko dute.

III. Sagardo Foruma Hernnaniko Orona Ideon aurkeztu dute. (Jon URBE/FOKU)
III. Sagardo Foruma Hernnaniko Orona Ideon aurkeztu dute. (Jon URBE/FOKU)

III. Sagardo Foruma, sagarrari, sagarraren eratorriei eta sagardoaren kulturari nahiz turismoari buruzko jardunaldiak, aurkeztu dituzte gaur goizean Orona Ideon Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak; Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak; Asier Arrese HAZIko zuzendariak; Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eta Oihana Gaincerain Sagardoaren Lurraldea erakundeko ordezkariak.

Forumaren barruan, azaroaren 21 eta 22an jardunaldi teknikoak egingo dituzte Orona Ideon; bertako eta nazioarteko 21 profesionalek sagardoaren munduak azken urteotan izan duen bilakaera eta egungo egoera izango dituzte hizpide hiru ardatz tematikotan antolatuta: sagarra, sagardoa eta sagardotegiak baliabide turistiko gisa.

Horrekin batera, azaroaren 23an II. Nazioarteko Sagardo Lehiaketa egingo da Donostiako Kursaal jauregian. Hamalau herrialdetako 190 sagardok parte hartuko dute eta sagardo onenak aukeratzeko mundu osoko dastatzaile ospetsuak izango dira, horien artean, sommelierrak, enologoak, sukaldariak, kazetariak, gastronomia bloggerrak...

Bederatzi kategoriatan sailkatuko dituzte sagardoak: Euskal Herrian ekoiztutako sagardoa, sagardo natural asturiarra, sagardo tradizional frantsesa, sagardo tradizional ingelesa, apfelweina, zaporetako sagardoa eta udardoa, «premium» sagardo aparduna, sagardo modernoa eta izotzezko sagardoa.

Sari banaketa azaroaren 25ean egingo da Kursaalen bertan, 10.30ean.

Aurten, berritasun gisa, III. Sagardoaren Forumean Nazioarteko Sagardo Azoka bat ere izango da, azaroaren 24 eta 25ean, Kursaalen, publiko orokorrari (24) nahiz publiko profesionalari (25) zuzendua. Izotzezko sagardoak, zaporetakoak, lupulatuak edota apfelwinea dastatzeko aukera izango da, baita ezagunagoak diren Euskal Sagardoa Jatorri Deitura dutenak ere.

Forumaren egitarauan beste hainbat ekintza ere aurreikusten dira: txotxaren erritua, hainbat txango, afari tematikoa, zesta punta partida Galarretan...