NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko ditu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saioak

Finalaurreko fasean sartuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa igande honetan Arrasaten. Ondoren etorriko dira Oiartzun zein Tolosako saioak eta Ilunbeko finala. Oihane Enbeita bertsolari ohiak gidatuko ditu NAIZ Irratiko saioak; arratsaldeko 16.30ean hasiko dira, bertso saioa baino ordu erdi lehenago.

NAIZ|DONOSTIA|14/11/2019
Bertsolaritza
Igande honetan izango da lehen finalaurrekoa, Arrasaten. (Juan Carlos RUIZ/FOKU

Azken txanpara iritsi da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Pasa den irailaren 14an abiatu zen Oñatin eta finalaurreko fasea abiatuko da igande honetan Arrasaten. NAIZ Irratiak zuzenean eskeiniko ditu 3 finalaurrekoak, baita abenduaren 14an izanen den Ilunbeko finala ere. Oihane Enbeita bertsolari ohia izanen da saioetako gidaria, eta aldiro bertsolari bat izanen du ondoan bidelagun. NAIZ Irratiko zuzenekoak 16.30ean hasiko dira, bertso saioak abiatu baino ordu erdi lehenago, eta FM bidez (Bilbo Handia 92.2, Urola 91.8, Goierri 102.2, Donostialdea 93.8, Leitza 95.1, Gasteiz 91.5, Bortziriak 103.1, Gernika 96.7) eta streaming bidez jarraitu ahal izanen da.

Lehen hitzordua igande honetakoa izanen da, Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Enbeitak ondoan izanen du Ander Lizarralde bertsolaria. Oiartzuarrak parte hartu du edizio honetan baina final laurdenetan agurtu zen txapelketaz.

Oiartzungo Elorsoro kiroldegian izanen da bigarren finalaurrea, azaroaren 24an. Kasu honetan Oihane Enbeitarekin batera arituko da Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearra. 2015eko Gipuzkoako Txapelketan hartu zuen parte lehen aldiz, eta hala egin du aurten ere. Lizarralde moduan, final laurdenetan esan dio agur txapelketari.

Abenduaren lehenean hitzordua Tolosan izanen da, Usabal kiroldegian. Enbeitak ondoan izango du txapelketetan ibilbide luzea eta eskarmentua baduen Aitor Sarriegi, Gipuzkoako txapeldun izandakoa 2011an, eta finalista 2009, 2013 eta 2017ko edizioetan. Aurten, beasaindarrak ez du parte hartu Gipuzkoako Bertsolari txapelketan.

18 bertsolari Ilunbera begira

Orotara, hemezortzi bertsolari arituko dira lehian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan. Igande honetan, azaroaren 24an eta abenduaren 1ean egingo diren saioetan erabakiko da datorren abenduaren 14an, Ilunbeko plazan, arituko den zortzikoa. Hiru finalaurreetako saioetan lehenak gelditzen direnek finalerako txartela lortuko dute zuzenean; beste bost finalistak lortutako puntuazioaren arabera erabakiko dira.

Igande honetan Arrasateko Uarkabe pilotalekuan jokatuko den lehen finalaurrekoan Eñaut Martikorena Lizaso, Agin Laburu Rezola, Nerea Elustondo Plazaola, Unai Mendizabal Jauregi, Iñaki Apalategi Astigarraga eta Unai Gaztelumendi Arandia oholtzaratuko dira. Internet bidezko sarrerak erosteko aukera saioaren egunean 15.00etan amaituko da. Sarrerak aurrez agortzen ez badira, igandean bertan 16.00etan zabalduko da txarteldegia.

NOTICIAS RELACIONADAS