Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

‘Kafe Antzokian’, Ruper Ordorikaren zuzeneko disko berria

Zuzenean grabatu eta argitaratzen duen hirugarren diskoa aurkeztu du Ruper Ordorikak, iazko abenduan Bilboko Kafe Antzokian eskainitako kontzertuetan oinarrituta. Orotara 14 kanta dira, errepertorioan jotzen ohi dituztenak eta, beste batzuk, bazterrean gelditu direnak.

Ruper Ordorika, ‘Kafe Antzokian’ lan berriarekin, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Ruper Ordorika, ‘Kafe Antzokian’ lan berriarekin, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Bilboko Kafe Antzokian «etxean bezala» sentitzen dela aitortu du Ruper Ordorikak. Hain zuzen, inauguratu zenetik, abenduoro kontzertua eskaini ohi du oñatiarrak eta iazko saioan publikoaren aurrean eskainitako hartatik hautaketa egin eta diskoa kaleratu berri du. Logikaz, ‘Kafe Antzokian’ du izena.

Abeslariak berak gaur aurkezpenean kontatu duenez, 24 bat kanta grabatu zituzten diskoan sartzeko modukoak, batetik aurreko zuzenekoetan sartu ez eta «bazterrean gelditzen zirenak» eta, bestetik, «normalean gure errepertorioan jotzen ohi ditugunak». Azkenean 14 abestik osatzen dute bilduma berria. Kanta zaharrak daude tartean, ‘Zazpi nobio’ eta ‘Ez da posible’ kasu, baita «ahots urrunak» edo duela hiru urte bakarrik estudioan grabatutakoak.

Diskoan bidelagun izan ditu azken hamaika urteetan alboan izan dituen musikariak. Arkaitz Miner, Fernando ‘Lutxo’ Neira, Hasier Oleaga eta David Soler bartzelonarra. «Ikusi nuen laukote honek bazuela berezko karakter bat eta polita litzatekeela hurrengo pausu hori pentsatzea», adierazi du zuzeneko diskoa grabatzeko aukeraz. «Disko honek hori biltzen du ederki, islatzen du talde honen joera», adierazi du Ordorikak. «Batzuetan, zenbait jendek nahiago ditu kantak bere horretan, inoiz aldatu gabe, baina ni ez naiz horietakoa eta asko gustatzen zait maite ditudan musikariak ikusten ditudanen beren piezak eraldatzen eta harik eta bukatu arte ez dakizula zein kanta ote den», azaldu du. Musikariaren ustez, taldeko kide bakoitzak «bere oinarria» jarri du jende aurrean aitzinatzeko «eta hori ez da erreza», azpimarratu du.

Hamaika urte hauetan lan mordoa egin dute elkarrekin, gehienbat estudioko diskoak. Edozein kasutan, lan horiek ez ezik, aurreko zuzeneko lanen esperientzia ere bildu da ‘Kafe Antzokian’ diskoan. Hamalau abestietatik, hamaika Ordorikak berak osoki konposatuak dira eta, horiez gain, koblakariak kanta bilakatutako ‘Zerutik gertu ez da ondo egoten’ (Dionisio Cañas) eta ‘Lera zakurren balada’ (Joseba Sarrionandia) olerkiak ere bildu ditu diskoak.