Zuberoako etxalde bateko 2.800 oilo hil dituzte salmonellagatik

Garindaineko Goienetxea etxaldeko 2.800 oilo hil ditu gaur goizean Pirinio Atlantikoetako Departamenduko zuzendaritzak. Hamabostero egiten dituzten azterketetan salmonella aurkitu ostean jaso zuten hegaztiak hiltzeko agindua. Oraindik ez dakite infekzioaren sorburua non dagoen.

Haritz Larrañaga|15/11/2019
13062006_601575356659867_8960669783129290548_n
Olivier Latchere, Garindaineko oilasko-hazlea. © DR

Urriaren 29ko analisien emaitzek positibo eman zuten salmonellan. Goienetxea etxaldeko abeltzainek ezin zuten sinetsi hura posible zenik eta bigarren azterketa bat egiteko eskatu zioten osasun ikuskaritzari. Ordea, bigarren azterketen emaitzek ere salmonellan positibo eman zuten, eta azaroaren 8an produkzioa eteteko agindua eman zien prefetak.

«1.400 oiloko bi multzo genituen, talde batekoek positibo eman zuten eta besteek negatibo eman zuten, eta horrela, negatibo eman zutenekin azaroaren 8 arte lan egiten utzi ziguten eta, normala den bezala, positibo eman zutenen arrautzak blokeatu zituzten», azaldu dio Olivier Latchere abeltzainak Mediabask atariari.

Arazoaren iturburua

Azaroaren 8an ezarri zieten arrautzak saltzeko debekua eta oilo guztiak hil behar zituztela jakinarazi zien prefeturak. «Patogenoa ez den salmonella kasu bat da gurea, oiloak sano dira, arrautzak ez dira kutsatuak, baina legeak honela egin behar dela esaten du», azaldu du Latcherek. Ondorioz, orain arte bildutako arrautzak sal ditzakete, baina aurrera begira, «guretzat amaitu da», azaldu du oilasko-hazleak.

Izan ere, «infekzioa nondik datorren ez dakigun bitartean, ez ditugu gure indar eta energia guztiak horretan jarriko, berriz ere gauza bera gertatzeko arriskua baitago», ohartarazi du Latcherek. Galerei aurre egiteko, jada traktorea eta auto partikularra salgai jarri dituzte, eta beste nonbait lan egin beharko dutela iragarri dute.

Oilasko-hazleen iritziz, «arazo nagusia ez da konpontzen etxaldeak ixten, inor ez da mugitzen salmonella nondik datorren aztertzeko, eta hain justu, horra bideratu behar da, hor baita arazoaren muina». Horregatik, infekzio iturri izan daitezkeen eremuetan azterketak egiteko eskaria egin dute sindikatuekin batera.