NAIZ

Udalbiltzak zuzendaritza berritu du eta Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea izendatu dute lehendakari

Udalbiltzak bere Batzorde Eragilea berritu du gaur Durangoko San Agustin Kultur Gunean egin duen Batzar Orokorrean. Jabi Asurmendi, Arakaldoko alkatea, izendatu dute lehendakari, eta Pili Legarra (Asteasuko alkatea) eta Irantzu Antoñana (Vianako zinegotzia) lehendakariorde.

Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakari berria, makila eskuan, gibelean zuzendaritzako gainerako kideak dituela. (Juanan RUIZ/FOKU)
Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakari berria, makila eskuan, gibelean zuzendaritzako gainerako kideak dituela. (Juanan RUIZ/FOKU)

Udalbiltza 20. urteurrena ospatzen ari da aurten. Urtemuga borobilaren barrenean, zuzendaritza berritu du gaur Durangon egindako Batzar Orokorrean. Jabi Asurmendi, Arakaldoko alkatea, izendatu dute lehendakari, eta Pili Legarra, Asteasuko alkatea, eta Irantzu Antoñana, Vianako zinegotzia, lehendakariorde.

Gainerako zuzendaritza kideak honakoak dira: Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia); Jon Arriola (Berriatuko alkatea); Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia); Itziar Amezaga (Errigoitiko zinegotzia); Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia); Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia); Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia); Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia); Aitor Elexpuru (Berako alkatea); eta Oihan Mendo (Garesko alkatea).

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak eman dio hasiera ekitaldiari. Bere hitzetan, «bereizten gaituzten muga administratiboen gainetik zubiak eraikitzeko bokazioa duen erakunde publiko nazionala da Udalbiltza; gaur eta hemen, Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera pausuak eman eta proposamen zehatzak garatzeko helburua duena, betiere, lurralde garapenaren, ekonomia sozial eraldatzailearen, jasangarritasunaren eta saretzearen ildoetatik tiraka».

Parte hartu duten kideei omenaldia

Agurraren ondotik, Udalbiltzaren sorreran eta hurrengo urteetan parte hartu zuten kideak omendu dituzte, haien lana eta konpromisoa aitortuz. Horietarik batzuk, oraindik ere, Udalbiltzakide izaten jarraitzen dute. Bertan izan dira, besteak beste, Loren Arkotxa, Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe lehendakariordeak, baita Maribi Ugarteburu, Xabier Alegria, Pablo Gorostiaga, Imanol Esnaola, Meritxel Elgezabal, Santo Kiroga eta Roke Akizu ere.

Atzera begirada egin ondotik, aurrera begira jartzeko tenorea heldu denean, zuzendaritza talde berria aurkeztu eta aho batez onartu dute Udalbiltza osatzen duten hautetsiek. Intxausperen eskutik jaso du Asurmendik lehendakari makila.

Aurrera begirako erronkak

Udalbiltzako lehendakari berriak erakundearen datozen urteetarako erronkak nabarmendu nahi izan ditu, Udalbiltza unean-uneko euskal jendartearen kezka eta beharretara egokitzearen beharrarekin batera. Asurmendiren hitzetan, «elikadura eta energia burujabetza, Euskal Herriaren barne kohesioa, herrien garapena, turismo eredu jasangarria… Udalbiltza honi guztiari nazio mailako erantzuna emateko ezinbesteko erakundea dugu».

Zentzu horretan, eta udalgintzaren balioaz konbentziturik, herri txikiek pairatzen duten egoeraz aritu da: «Lurralde desoreka eta herri txikien despopulazioak zinez kezkaturik gauzka. Izan ere, herri txikiak eta, oro har, landa eremua, husten ari dira». Egoera horri buelta ematen hasteko garaia da, Asurmendiren arabera: «Ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, egoera lazgarri honi buelta ematea posible da, gaitasunak batuz eta kontzientziazioa landuz».

Gaur egun, 1100 hautetsi inguruk eta 77 udalerri partzuergokidek osatzen dute Udalbiltza. Bost dira garatzen ari dituen proiektu nagusiak: Hartu-eman esperientzia eraldatzaileen bankua; euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutza, herrien garapenaren mesedetara jartzea asmo duen Ikerbiltza programa; senidetzeen bidez, Euskal Herriaren barne kohesioa lantzea xede duen Hurbiltzen plana; Lurgida, Euskal Herriko app turistikoa; eta Hauspotu, ekonomia sozial eraldatzailearen bidez lurralde desoreka gainditzeko egitasmoa.