Crónica
 
Agin Laburu aise gailendu da Arrasaten, eta finalean izanen da

Hala gelditu da puntuazioa: 501 punturekin, garaile, Agin Laburu; bigarren, 467 puntu pilatuta, Nerea Elustondo; 459rekin, Iñaki Apalategi; 452rekin Unai Mendizabal; 447rekin Unai Gaztelumendi eta 434rekin, Eñaut Martikorena. Kaleko hotza barrenean ere sumatu da. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenbiziko finalaurrekoa gehiago bero zitekeen txaloz, baina saio ederra izan da.

Maider IANTZI|17/11/2019
Aginlaburu
Agin Laburu saioaren irabazlea, pozik. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lau eta erdiko pilota finalarekin batera egokitu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurreneko finalaurrekoa, Arrasateko Uarkape frontoian. Ez da dena bete, baina bertsozale ugari elkartu da hitzarekin jolasean arratsalde goxo bat pasatzeko asmoz.

Agin Laburuk irabazi zuen Irungo final-laurdena, eta zuzenean igaro zen finalaurrekora. Bada, finalaurrekotik zuzenean igaro da Illunbeko finalera ere. Kontent ageri da Astigarragako bertsolaria; ez da gutxiagorako. Egindako lanaren adibide, kartzelako ariketa, honako gaiari jarria: «Etxetik irteten ari zinela besotik heldu dizu».

Alaba gogoan abestu du, eta ariketa borobila osatu du. Hona hirugarren bertsoa: «Korapilo bat nabaritzen du irteeran eztarriak/ atta ez joan eta antzeko mila mezu ekarriak/ baina halaxe tokatzen danez hartu ohi ditut neurriak/ eta karteran gordetzen ditut argazkiak ta irriak/ ez dira kasu larriak/ berriro bueltan ekartzen dizkit saltoka pa gorriak/ lehen kendutako bihotz zatiak/ bere ongi etorriak».

Nerea Elustondok honako agurra abestu du: «Arratsaldeon, hona etortzea ze poz ze ohore txute/ zerrajeruen herriak nola baduen nahiko entzute/ eta zerraila guztiek beren giltza izaten baitute/ giltza lortzea posible bada saio bikain baten truke/ Illunberako kopia bana gustura hartuko genuke».

Saio ona egin du legazpiarrak. Ez du giltzaren kopia segurtatu, eta ikusi behar zer gertatzen den hurrengo asteburuetan Oiartzunen eta Tolosan.

Gainontzekoez zer erran, guztiek egin dute lan gogotik kooperatiban eta, Laburuk abestu bezala, guztientzat izan da amaierako txalo zaparrada.