MARTXELO DIAZ

Esku-hartze Sozial arloan Nafarroan hitzarmen duina izatea eskatu dute langileek

Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute Esku-Hartze Sozialaren arloko langileek LAB sindikatuak deituta. Hitzarmen duina eskatu du oso prekarizatua dagoen arlo honetan.

Elkarretaratzea egin dute Esku-hartze Sozial arloko langileek Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (@MartxeloDiaz)
Elkarretaratzea egin dute Esku-hartze Sozial arloko langileek Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (@MartxeloDiaz)

«Hiru urte daramatzagu gaia zerotik mugitzen. Pasa den apirilean mahai irekitzea lortu genuen», azaldu du LAB sindikatuko Oihan Ataunek Esku-Hartze Sozialaren arloko langileek Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin duten elkarretaratzea. Agerraldia dute gaur Parlamentuko Eskubide Sozialen batzordean. Guztia, alor honetarako hitzarmen duina eskatzeko.

Hamar bilera izan dituzte dagoeneko hitzarmena lortzeko. Urrian Parlamentuko taldeekin erronda egin zuten alor honetako langileek baldintza duinak izan ahal izateko onartzear diren aurrekontuetan partida egokiak izan behar zirela aldarrikatzeko. «Zerbitzu publikoetaz hitz egiten ari gara eta hori aurrekontu publikoetan sartu behar da», gaineratu du Ataunek. Momentuz harrera ona izan dute talde parlamentarioen partetik.

Parlamentuan egin duten agerraldian eskatu dutena zera da: «Hitzarmena aurrekontuetan sartzea. Ratioak arautzen dituen dekretoa eguneratzea. Eta Gobernuari, hitzarmena dagoenean, bi hilabeteren epean lizitazio guztiak berritzea».

Sektorearen egoera oso txarra da, urtetan inbertitu ez delako. «Sektore feminizatua da. Historikori pribatizazioetatik eta karitatetik gatoz. Estatu mailan badago hitzarmena, baina Nafarroan ez. Eta hau erabili dute murrizketak, merkatuaren prezioaren azpiko pliegoak ateratzeko... Denetarik ikusi dugu. Azken hamar urteotan ez zaio soldatarik igo langileei eta honek soldata %10a pobretzea dakar».

Alor honetan bazterkeria pairatzen dituzten herritarrei zerbitzuak eskaintzen dieten langileak daude. Adin txikikoak, helduak, drogen menpekotasunak dituztenak, GIBa dutenak, etorkinak, prostituzioan dauden emakumenak, langabetuak eta abar dira.

Duela hamarkadak pribatizatu ziren zerbitzu hauetako askok eta egoera honek ez du laguntzen langileak baldintza duinak izateko. «Administrazioaren utzikeria egon da eta azkenean enpresek nahi dutena egin dute. Horrek muga asko ezartzen ditu enpresa hitzarmenak lortzeko garaian. Ezinezkoa izan da, dirurik ez dagoelaren aitzakiarekin».