NAIZ

Alberto Ilundain errugabe deklaratu du Auzitegi Nazionalak, aske utzi eta astebetera

Duela astebete aske geratu zen Alberto Ilundain iruindarra errugabetu du orain Auzitegi Nazionalak, 1990ean ETAk eginiko atentatu saiakera bat dela eta. Bere kontrako frogarik ez dela ondorioztatu du.

Alberto Ilundain, betaurrekoekin, duela astebete aske geratzeko unean.
Alberto Ilundain, betaurrekoekin, duela astebete aske geratzeko unean.

Pasa den ostegunean, Madrilen epaitua izan ostean aske utzi zuten Alberto Ilundain iruindarra. Errugabe aterako zela aurrera zitekeen eta halaxe suertatu da. Gaur jakitera eman denez, Iruñean 1990. urtean ETAk eginiko atentatu saiakera batengatik absoluzioa agindu da, «bere kontrako froga objektibo bakar bat» ez dagoelako. Enrique Muñoz Berrio «Brillantinas» ezizena zuen usteko droga trafikantea zuen jopuntuan komandoak.

Epaiak frogatutzat ematen duenez, 1990ko urriko 13ko goizean hiru ETAkidek burutu nahi izan zuten ekintza: Poliziak Iruñean tiroz hilko zuen Mikel Castillo, espetxealdi luzea jasan duen Bautista Barandalla eta identifikatu gabe dagoen hirugarren kide bat. Torturapean eginiko deklarazio batzuk baliatuta, hori Alberto Ilundain izan ote zitekeen baloratu du auzitegiak, baina ez du horren zantzurik aurkitu.

Epaiak eransten duenez, deklarazio horiek berretsita izan balira ere, ez zen Ilundain zigortzeko nahikoa izango, ez lekukorik, ez aztarnarik, ez beste frogarik ez baita agertu.

Alberto Ilundainek ia 18 urte egin ditu preso Estatu frantsesean, baina kartzelaldia amaituta Espainiaratu egin zuten, zigor berri hau ezartzeko asmoz. Maiatzetik hona behinbehineko espetxealdia jaso du, beraz, Estatu espa¡nolean. Epaitu bezain laster, errugabe aterako zela ikusita, askatzea agindu zuten eta ostegunean atera zen Valdemorotik.