Aitor AGIRREZABAL
Iruñea

‘Ikusi arte’ edo ‘Soilik agur’: iritsi dira Berri Txarraken azken akordeak

«Dramarik ez, soilik agur», dio Berri Txarrakek. Erraza esaten, baina ikusi beharko litzateke gaur ostiralean eta bihar larunbatean Nafarroa Arenan Lekunberriko taldea agurtuko duten 20.000 lagunek gauza bera pentsatzen duten. 25 urteko ibilbideari amaiera jarriko diote bihar Gorka Urbizuk, Galder Izagirrek eta David Gonzalezek.

Berri Txarrak, agurtzeko prest. (Idoia ZABALETA /FOKU)
Berri Txarrak, agurtzeko prest. (Idoia ZABALETA /FOKU)

25 urte, 9 disko eta 100 kanta baino gehiago. Azkar laburbiltzen da Berri Txarrak taldearen ibilbidea. Seguraski, inoiz euskal musika talde batek izan duen ibilbiderik oparoena eta belaunaldi baten soinu banda bilakatu dena. Soinu banda horren azken zuzeneko akordeak gaur eta bihar entzun ahal izango dira Iruñean, eten mugagabearen aurretik eta NAIZ eta GARAn hauen kronika izanen da, Izkander Fernandezen eskutik.

Euskararen bitartez, hizkuntza gutxiren pare zainduz, gai sozialak izan ditu ardatz Berri Txarrakek. Marketingaren garaian, «payola» delakoaren mendean, euskara eta gai sozialak ez ziren gailurrerako bide erraz eta azkarrena izanen, baina muga guztiak gainditu ditu taldeak bi hamarkada eta erdi hauetan. Munduari hainbat bira eman eta beti Euskal Herrira itzuliz, han eta hemen «sold out» kartela eskegiz. Baita urte batzuk lehenago zentsurak ateak itxi zizkien hirietan ere.

Taldearen etengabeko eraberritzeak lagunduko zuen horretan noski, «azala aldatzeak egiten du sugea suge izatea» eta. 2003an argitaratutako ‘Libre’ izan zen hasierako laukoteak argitaratutako azken lana, Urbizu bera lehen lerroan zutela, Aitor Oreja, Mikel Lopez ‘Rubio’ eta Aitor Goikoetxearekin. Bi urte beranduago, taldearen mugarri izango zen ‘Jaio.Musika.Hil’ iritsi zen, nazioartera salto eginda jada hirukote bihurtuta, Orejak taldea utzi eta gero. 2009an kaleratutako ’Payola’ diskoan ‘Rubioren’ baxua David Gonzalezen eskuetara pasa zen eta 2011ko ‘Haria’ diskoa izan zen Galder Izagirreren bateriarekin egin zen lehena.

Ia urtebete igaro da taldeak eten mugagabe hori iragarri zuenetik. Ordutik jaialdi handi, salak eta gaztetxeak bete egin ditu bata bestearen atzetik ’Ikusi Arte’ lelopean, eta Kobetamendin ikuskizun berezi bat antolatu zuten uztailaren 14an, gonbidatu ugariz lagunduta. 

«Ez esan ezetz, gure dekadentziaren onenean gaude» errepika dezakete gezurrik esan gabe. Hala ere, puntaren puntan egoteak duen exijentziak «higadura emozional eta fisikoa» dakar berarekin. Hala aitortu zuen Urbizuk agurra iragarri zuen egunean. Izebergaren punta horren isla da azken kontzertu honetarako sarrerak lortzea bilakatu zen erronka, salmenta sistemak gaindituta eta minututan bai larunbateko bai ostiraleko sarrera guztiak agortuta.

Orain, azkenaurreko edo azken aldiz hirukoteaz gozatzeko garaia iritsi da. «Ez dadila haria eten» abestu edo oihukatu da Euskal Herriko bazter guztietan azken hilabeteotan, baina etena izango da. ‘Ikusi arte’ edo ‘Soilik agur’ izango ote da igandeko soinubanda?