Maddi TXINTXURRETA

Tanta proiektua aurkeztu du Ikastolen Elkarteak, ikastolen jaiak finantzatzeko txartelen salmenta

Ikastolen historiari buruzko txartel pedagogiko bat eta 60.000 euroko sariaren zozketa bilduko dituen Tanta izeneko txartelen salmenta abiatuko du Ikastolen Elkarteak. Ekimen honek oraino ikastolen jaietan egin diren zozketak ordeztuko ditu, eta etekinak Euskal Herriko ikastola guztien artean banatuko dituzte.

Gorostiaga, Zabaleta, Tellitu, Artola eta Garate, Tanta ekimenaren aurkezpenean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Gorostiaga, Zabaleta, Tellitu, Artola eta Garate, Tanta ekimenaren aurkezpenean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Ikastolen aldeko Tanta elkartasun ekimena aurkeztu dute astearte goizean Ikastolen Elkarteko lurralde guztietako ordezkari nagusiek; tartean, Aitor Garate Arabatik, Nekane Artola Gipuzkoatik, Ur Gorostiaga Ipar Euskal Herritik, Elena Zabaleta Nafarroatik eta Koldo Tellitu Bizkaiatik. Elkarteak Añorgan duen egoitzan eman dute prentsaurrekoa.

Ikastolen proiektuaren alde diruzko ekarpena egin asmo duen proiektua da Tanta eta, horretarako nahiz ikastolen jaien autofinantzaketa lortzeko, Ikastolen Elkarteak boletoak jarriko ditu salgai, bost eurotan, abendutik aurrera. Boletoa erosten dutenak, gainera, 60.000 euroko zozketan sartuko dira. 125.000 txarteleko tiradarekin hasiko dira, eta ekainaren 25ean emango dute saridunaren izena.

Boleto edo txartel horietako bakoitzean, ikastolen historiaren une edo pertsona garrantzitsuen berri emango da. Koldo Tellituk azaldu bezala, «Tanta txartelarekin ikastola eredua ere azaldu nahi dugu; nondik gatozen, non gauden eta nora joan nahi dugun adierazi nahi dugu».

Hala, bilduma bat osatuko dute aipatu gertakari edo pertsonaien bidez, eta bildumaren lehenengo alea estreinatzeko hautatu duten lehenengo pertsona Elbira Zipitria ikastolen sortzailea izango da.

Etekinak, ikastola guztientzat

Nabarmendu dute «Euskal Herriko ikastola guztien ekimena» izango dela eta Tanta txartelek ordezkatuko dituztela ikastolen jaietan –Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez– antolatu izan diren zozketak. Hala ere, urtero, jai horietako antolatzailea izango den ikastolak hartuko du txartelak banatzeko ardura nagusia, etekinak ikastola guztien artean banatuko diren arren.

«Elkartasuna tantaz tanta osatzen da. Bakoitzak jartzen duen aletik, tanta horretatik, osatzen da elkartasuna. Ikastolok badakigu, ongi jakin ere, elkartasuna zer den. Sortu ginenetik jaso izan dugu, eta horri esker atera dugu aurrera ikastolen proiektua», adierazi du Nekane Artolak.