Amalur ARTOLA

Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’, azkenean euskaraz

Pentsamendu feministan oinarrizko obra da Simone de Beauvoir-en ‘Bigarren sexua’, orain artean euskaraz eman gabe zegoena. Irene Arrasatsena izan da ekimena, eta Eskafandra bildumarena bultzada. Emakumeak bestea –are, bestearen bestea– ginela erakutsi zigun lan mardula da Beauvoirrena.

Eskafandrako lantaldea, aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)
Eskafandrako lantaldea, aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Emakumeak bere burua subjektu zein kolektibo gisa identifikatzeko dituen arazoaren oinarria aztertu zuen Simone de Beauvoirrek orain 70 urte. Bozka eskubidea eskuratu berria zuten emakumeek, bazirudien lortua zegoela lortu beharrekoa, eta hautsak arrotu zituen pentsalari frantziarraren ‘Bigarren sexua’-ren argitalpenak: Vatikanoak debekatu egin zuen, baita Frankismoak ere, lagunen erdiak haserretu zitzaizkion Beauvoirri eta marxistek ere ez zuten ondo hartu obra, emakumeen zapalkuntza klase zapalkuntzarekin alderatzen omen zuela-eta.

Baina 22.00 ale saldu zituen lehen astean Estatu frantsesean. Zergatik? Emakume asko identifikatuta sentitu zirelako halako esaldiekin: «Bere izatea objektu bihurtzeko eskatzen zaion subjektua, hori da emakumea».

70 urte beranduago, azkenean, euskaraz irakur daiteke ‘Bigarren sexua’, Irene Arrarats itzultzailearen ekimenez eta Eskafandra bildumaren (Elkar eta Jakin-ek pentsamendu feministako obrak argitaratzeko duten haria) bultzadari esker. Erakunde publikoen laguntza ere jaso dute.

Beauvoir ez zela «bereziki feminista» aipatu du Arraratsek liburuaren aurkezpenean, eta ‘Bigarren sexua’ lehenik eta behin ikerketa lan bat dela nabarmendu du. «Emakume izatea zer zen aztertu nahi zuen, zer dakarkion kultura eta gizarte honetan bizitzeak, zer den feminitatea. Aurreiritzirik gabe hasi zen ikerketa lana egiten», jarri du azpimarra.

Lan mardula da, Eskafandrarako bi liburukitan banatu dutena, eta bertan Beauvoirrek historian zehar emakumeari eman zaion lekuaren analisia egiten du, literatura eta filosofia sakonki aztertuz, eta bere zein ezagutu izan dituen emakumeen bizipen eta jokabideak aztertuz. «Emakumeok gure burua subjektu eta kolektibo gisa ze arazo ditugun erakusten digu, baita zapaltzailearekin lotura afektibo eta familiarrak ditugula ere, horregatik da horren berezia liburu hau», esan du Arraratsek, eta gaineratu du emakumea historikoki «bestea» –alegia, gizonarekiko bestea eta haren begietatik irakurria– izan dela eta, are, bestaren bestea –«gizon beltz baten emakumea bi aldiz da bestea»– ere izan zitekeela erakutsi zuela obrak.

Argitalpena orain 70 urte kaleratu bazen ere, itzultzaileak gaurkotasun handiko obra dela defendatu du, «liburu honetan aztertzen den mundua neurri handi batean gure mundua baita».

Ikus-entzunezkoa bidean

Argitalpenaren aurkezpena baliatu dute antolatzaileek Beauvoirren gaineko beste lan baten aurrerapena egiteko: Durangoko Azokan Nora Alberdi eta Iratxe Fresnedak zuzendutako ‘Bigarren sexua(z), collage’ dokumentala aurkeztuko dute.

Ikus-entzunezkoa Eskafandraren ekimenez sortu dute: Beauvoirren hamar esan edo «lezio»-tatik abiatuta filma eraikitzeko proposamena egin zieten Alberdi eta Fresnedari, eta autoreek ideia horiek Euskal Herri garaikidera ekarri eta 15 minutuko dokumentala osatu dute. «Horiek gure errealitatera ekartzen saiatu gara. Euskal emakumeen testigantzak daude, eta hainbat irudi», aurreratu du Alberdik. ‘Bigarren sexua(z), collage’ abenduaren 6an aurkeztuko dute, 19.30ean, Durangoko Azokan.