Bizkaiko metalgintzako patronalak eta sindikatuek sektoreko hitzarmena berretsi dute

Bizkaiko metalgintzako enpresen federakuntzak (FVEM) eta CCOO, UGT eta LABek sektoreko hitzarmenaren berrikuntza sinatu dute. 2012tik galdutako erosahalmena berreskuratzea, subrogazioa bermatzea eta behin-behinekotasuna mugatzea adostu da.

NAIZ|Bilbo|02/12/2019
Metalgintzahitzarmena
Lan Harremanen Kontseiluan sinatu dute akordioa patronalak eta sindikatuek. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Bizkaiko metalgintzak ofizialki berritu du sektoreko hitzarmena, indarraldi osoarekin. Patronalak (FVEM) eta CCOO, UGT eta LABek astelehen honetan berretsi dute azaroaren 26an lortutako aurreakordioa. ELA desados agertu zen adosturiko puntuekin eta astearte honetan bere arrazoiak azalduko ditu.

2008-2011 garaikoa zen sektoreko azken hitzarmena eta honek eragin mugatu zuen. Herrialdeko sektore indartsuenetarikoaren eragin osoko azken akordioa 2001ean sinatu zen, 2003. urterainoko iraupenarekin. Hura ere ez zuen ELAk sinatu.

Astelehen honetan sinatutakoari dagokionez, 2012. urtetik langileek galdu duten erosahalmena berreskuratzea bermatu duelakoan daude sindikatuak. LABek azaldu du gainera, langileria zati bat 2003. urteko tauletan zehazten zen gutxiengo soldatekin zegoela (13.403 eurokoa) eta hitzarmen berri honekin urtean 5.012 euro gehiago irabaziko dituztela.

2019. urteko soldata igoera KPI+%1,75ekoa izango da –18.400 euroko soldata minimoa adostu dute, 2011koa baino 1.200 handiagoa–; eta hurrengo bi urtetan (2020an eta 2021ean) soldatak KPI+%1,5 handitzea adostu dute.

Subrogazioaren bermea aurreneko aldiz

Subrogazioari dagokionez, lehen aldiz subrogazioaren bermea jasotzen da hitzarmenean. Honekin, mantendu laneko azpikontrateetako langileek lanpostua ziurtatuta edukiko dute, orain arte ez bezala. Behin-behinekotasuna eta aldi bateko laneko enpresen bitarteko kontratazioak ere mugatzen ditu hitzarmenak. 

Lan osasun arloan, prebentziorako delegatuak ahaldunduko dituzte; berdintasun mailan, industria sektoreko lehen hitzarmena izango da berdintasunerako bidean hainbat neurri esanguratsu jasoko dituena; eta, beste neurri batzuen artean, ultraaktibitate mugagabea eta lan erreformarekiko blindajea jasotzen da hitzarmenean.

«Hilda zegoen hitzarmena»

58.000 pertsona inguruk egiten dute lan sektore honetan –10.000 emakume, %17,2– eta alor honetako 2.000 enpresa daude Bizkaian. Mahai negoziatzailearen 34. bileran itxi zuten akordioa, zortzi eguneko greba egutegia hasi baino bi egun lehenago. Guztira, hamar greba egun burutu dituzte langileek –maiatza, ekaina, iraila eta urrian sakabanatuta–.

Sindikatuek historikotzat jo dute akordioa. Lan Harremanen Kontseiluan bildu dira bi aldeetako ordezkariak eta bilera bukatzean balorazioak eskaini dituzte. Patronaleko ordezkari Luis Bernaolak, esaterako, ohartarazi du enpresentzat merkea ez den akordioa dela.

LABek baikortasunez baloratu du akordio berria. Iratxe Azkue sindikatuko kidearen ustez «hilda zegoen hitzarmena berreskuratu» dute. Hasierako plataforma sindikalean jarritako oinarriak abiapuntu izanda lortu dituzte eduki hauek eta «aurreko hitzarmenarekin alderatuz, aldea izugarri handia da».

«Eduki historikoz» beteriko hitzarmen honek ateak irekitzen ditu lorpen gehiago eskuratzeko, LABen iritziz.

CCOOeko arduradun Luis Mouliáaren aburuz, «eduki aberatsez» osatu dute hitzarmena eta UGTko Jose Maria Rojok baloratu du aurrerantzean langile guztiek baldintza berdinak izango dituztela. Orain arte, bi hitzarmenen itzalean egon dira eta honek gutxiengo soldatetan ezberdintasunak ekarri ditu.

LSB-USO sindikatuak ez du ordezkaririk mahai negoziatzailean baina bere babesa erakutsi du.

NOTICIAS RELACIONADAS