IDOIA ERASO

Etorkinekin eta Diakite elkarteen aldeko kabaret gaua antolatu du Taula kolektiboak

Taula kolektiboko 40 bat artistek antolatuta Kabaret inprobisatua eginen da abenduaren 8an Baionako Arteen Hirian. ‘Cri’ lanak aktualitatea oinarri izanen du, eta emanaldi bakarra eginen da. Migranteekin lanean ari diren Etorkinekin eta Diakite elkarteei emanen diete bertan bildutako dirua.

Taula kolektiboko artista baten emanaldia Pausa zentroan. (NAIZ)
Taula kolektiboko artista baten emanaldia Pausa zentroan. (NAIZ)

Oholtza gainean egiten diren arte adierazpenak oinarri dituzten 22 konpainia biltzen dituen Taula kolektiboak kabaret erreaktibo eta inprobisatua sortuko du igandean. ‘Cri’ (garrasia) aktualitatean oinarritutako artikulu, irudi edota bideoak hartuta emanaldi politiko, disidente eta satirikoa izanen da. Artistek beraiek hautatuko dituzte gaiak, eta mota guztietakoak izanen dira, larriak edo arinagoak. 

Baionan migranteak laguntzen dituzten Etorkinekin eta Diakite elkarteei bideratuko zaie bildutako dirua, eta zentzu horretan «elkartasun, irri eta partekatze garrasia» izanen dela azaldu du emanaldian parte hartuko duen Le Petits Papiers konpainiako Agnes Yobregatek. 

Bezperan elkartuko dira parte hartuko duten konpainia ezberdinetako 27 aktore, musikari eta dantzariak, emanaldia prestatzeko. Petit Théâtre de Pain konpainiako Maria Anevak azaldu duen legez, «artistikoki urrunago joateko nahia dugu, elkarrekin sortzeko, eta egiazko truke artistikoa sortzeko». Ikuslegoaren parte hartzea bilatuko dute, eta gaiak batzuetan serioak izanen badira ere festa giroa zabaldu nahi dute, umorea erabiliz.

Etorkinekin eta Diakite

Ahalik eta jende gehiena biltzea dute xedea, horregatik pertsona guztiak gonbidatuta daudela adierazi dute, izan «fededun edo ateoa, ezkertiarra edo eskuindarra, engaiatua edo desengainatua, beganoa edo haragijalea». Anevak ikuspegi honetan sakondu du: «Ez da propagandarako momentu bat izanen, bildu eta denbora elkarrekin emateko ideia ezberdinak dauzkaten gizakien artean baizik».

Elkarteek eramaten duten lana ezagutzera emateko momentua izanen da igandekoa. Emanaldiaz gain ostatua ere ezarriko dute, eta bertan ikuslegoak eta artistek, elkarteetako kideekin ideiak partekatzeko momentua izatea nahi dute.

Etorkinekin eta Diakite elkarteen eta Taulako kideen arteko harremana ez da berria, Zenbait konpainiek emanaldiak egin izan dituzte Baionan migranteei harrera egiten dien Pausa zentroan. «Migrazioaren fenomenoari erantzun egokia emateko sortu diren bi elkarteekin harremana dugu kolektiboko hainbat kidek modu pertsonal eta militantean, baina baita zenbait konpainiek ere, horregatik kabareta tresna artistiko alimalekoa dela iruditu zaigu» baieztatu du Yobregatek.

Elkarteak laguntzeko lehen emanaldi bateratu bat egin zuten ekainean kolektiboko zenbait kidek. Baionako gaztetxean izan zen eta konpainia bakoitzak bere lan baten parte bat eskaini zuen bertan. Kabaret honen bitartez dinamika hori garatu nahi izan dute.

Bigarren emanaldi hau ez da azkena izanen, etorkizunean elkarlana iraunarazi nahi dutelako kolektiboko kide eta konpainiek. Baionatik harago, kostaldetik urrunduz, beste emanaldi artistiko bat egiteko proiektua garatzen ari dira.