Haritz Larrañaga

Hazparneko gaztetxea itxi eta Hendaiakoa ireki dute

Larunbatean egin zuten Hendaiako Enbata gaztetxearen irekiera ofiziala. Datozen bi urteetan Hendaitz Gazte Asanbladak kudeatuko du Herriko Etxearekin hitzartutako lokala. Aldi berean, 18 urteren ostean, Hazparneko Ttattola gaztetxea itxiko dute 2020ko urtarrilean.

Adin guztietako jendea bildu zen azaroaren 30ean Hendaiako Enbata gaztetxearen irekiera ekitaldian. (Bob EDME)
Adin guztietako jendea bildu zen azaroaren 30ean Hendaiako Enbata gaztetxearen irekiera ekitaldian. (Bob EDME)

Hendaiako Kaneta auzoan dagoen Enbata gaztetxe berria pasa den udatik erabiltzen zuten gazteek, baina irekiera ofiziala larunbatean egin zuten. Orain artean ekimen puntualak egin dituzte, baina hemendik aurrera «proiektu bat aurrera eraman nahi duen edozein elkarte edo norbanakorentzat ateak irekiak» izango direla azaldu du Aimar Lopes Hendaitz Gazte Asanbladako kideak.

Larunbatean poteo herrikoi baten ostean bazkaria egin zuten gaztetxe berrian 70 lagunek eta bazkalostean hiru bertsolarik entzuleen irriak marraztu zituzten. Gazteek ez zuten, inaugurazioetan sarri egiten den bezala, xanpain botilarik ireki edo diskurtsorik eskaini. Mezulari lana Iker Altuna bertsolariaren esku utzi zuten, zeren «asanbladako kide den neurrian, berak bazekien zer esan behar zuen», azaldu du Lopesek.

Edonola ere, Hendaitz Gazte Asanbladako kideek egun jakin batean egiten denari baino, egunerokoari garrantzia handiagoa ematen diote: «Egunerokotasunean egiten den lana da balio duena, helburua ez baita kontzertu gela bat bilakatzea, egunerokoan lanean ari diren norbanako eta elkarteei lagungarri izango zaien espazio bat eskaintzea baizik».

Zentzu horretan, larunbateko irekiera ekitaldiarekin pozik daudela aitortu du Lopesek, izan ere, «gaueko kontzertuetan inoiz gaztetxe batera gerturatu ez den jende gaztea hurbildu zen, eta horrek bide onean garela erakusten du, zeren gure helburuetako bat gaztetxea erakargarria izatea da, beraz ongi hasi gara».

Elkarteen mapan integratuak

Duela hamar urte sortu zen Hendaiako Hendaitz gazte asanblada eta ordutik, Lopesen hitzetan, «etengabeko berritze prozesuan da, zeren adinean aurrera egin ahal batzuek utzi egiten dute eta berriak etortzen dira». Duela bi urte Sasiko gaztetxea itxi zuten eta 2018ko udan suhiltzaileen kaserna zaharra okupatu zuten gazteek. Egun bakar bat iraun zuen okupazio hari esker auzapezarekin hitzarmen bat sinatu zuten gazteek eta hitzarmen horren ondorioa izan da pasa den azaroaren 30ean inauguratu zuten Enbata gaztetxe berria.

Bi aldeen arteko negoziazioen ostean udaletxearekin sinatu zuten hitzarmena «ez da mugatzailea», nabarmendu du Lopesek, baina iraungitze data du. Izan ere, bi urte barru urbanizazio plan berri bat plantan ezarriko da eta eraikuntza lanak hasiko dira.

Egun 15 bat lagun aritzen dira egunerokotasunean lanean gaztetxean, baina gauza puntualetarako kide gehiago biltzen dira lanean, eta horrez gain beste elkarteetako kideek ere haien gauzak egiteko erabili ahal izango dute Enbata gaztetxea. Auzoko elkarte eta bizi lagunekin egin dituzten bilerak baikorki baloratzen dituzte Hendaitz gazte asanbladako kideek. Lopesen iritziz,  «Hendaiako elkarteen mapan integratuak ginen gaztetxea izan aitzin eta aurrerantzean beste elkarteei ere leku bat eskaini ahal izango diegu». 

Ttattola gaztetxea ixtear

Hemezortzi urteren ostean, Hazparneko Ttattola gaztetxeak ateak itxiko ditu datorren urtarrilean. Berri Txarrak taldeak ‘Beude’ abestian aipatzen zuen gaztetxe mitikoa, beraz, ixtear da, lokalaren jabeak erabilera pribaturako berreskuratu nahi duelako.

Urtarrila arte ekimen andana antolatu dituzte, Ttattola gaztetxea itxi aitzin lokalari ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Hala ere, gaztetxea itxi ostean ere lanean jarraituko dutela iragarri dute gazteek eta lokal berri bat eskuratzeko aukera guztiak aztertzen ari dira.