«Euskal Eskola Publikoaz harro!» kanpaina abiatu dute

Euskal eskola publikoarekiko harrotasuna adierazi eta euskal hezkuntza sistema osorako eskola bakarra aldarrikatu nahi dute, «herri bezala publikoaren, eskubide kolektiboen eta gure ume guztientzat aukera berdintasunaren alde eginez».

NAIZ|03/12/2019
Eskolapublikoa
Euskal eskola publikoaren aldeko kanpainaren aurkezpena. (GASTEIZKO PLATAFORMA)

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Gasteizko Plataformak eta beste hainbat kolektibok `Euskal Eskola Publikoaz harro!´ kanpainan parte hartzeko proposamena luzatu diete hezkuntza publikoa osatzen duten guztiei. Eurekin eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe, eskola, haurreskola eta laguntza zentro guztiekin jarri nahi dute harremanetan honako helburuarekin bat egiteko: «Hezkuntza sistema publikoaren defentsa».

Lakuako Hezkuntza Sailak sare publikoarekiko «erakusten duen utzikeriaren aurrean, Gobernuak onartu nahi duen Hezkuntza Lege berriaren asmoaren atarian, eta Administrazioak hezkuntza arloan aspaldi hartu duen pribatizaziorako joeraz jakitun», euskal eskola publikoaren aldeko aldarrikapena egitea da kanpainaren helburua.

Jasotako atxikimendu guztiekin, «prentsaurreko anitz bat emanez eta mobilizazio erraldoi batekin» bukatu nahi dute kanpaina.

Manifestua

Gasteizko plataformaz gain, manifestuaren sinatzaileen artean daude Oion, Bilbo eta Santurtziko plataformak, Ehige, Ernai eta Steilas, LAB eta CCOO.

«Hezkuntza publikoa, historian irabazitako lorpenik handienetako bat da, eta bere garapena gizarte honetan bizi garenon berdintasun eta ongizate mailako adierazlerik onena», dio agiriak.

«Baina, zerbitzu publikoak eta bereziki eskola publikoa gobernuen jomugan daude –eransten du–. Azken urteotan, zerbitzu horien pribatizatze politika garbia eraman da aurrera eta hezkuntza ez da atzean geratu. EAEn, orain arte izan diren Hezkuntza sailek eskola publikoari murrizketak ezarri eta irakaskuntza ekimen pribatu guztiei kontzertazioa eman diete. Ondorioz, hezkuntza sistema duala (publikoa eta pribatua itundua) gauzatu da, ikasle guztiei aukera berberak eskaintzen ez dizkiena».

Lakuak «irakaskuntza pribatuko patronalek askotan eskatu duten Hezkuntza Lege berri bat aurrera ateratzea nahi du, hezkuntza publikoko komunitate osoaren oposizioarekin: ikasleen guraso elkarte guztiok eta irakaskuntzako sindikatu guztiak. Lege horrek, `zerbitzu publiko´ kontzeptuan oinarrituta, desberdinak diren bi hezkuntza-sare (bat publikoa eta bestea pribatua), berdin finantzatuko ditu», azaltzen dute sinatzaileek.