naiz
Gasteiz

Sorginenea eta Behatokiari beharrezko baliabideak eskaintzea eskatu diote Gasteizko Udalari

Sorginenea-Tu Casa Feminista eta Lumagorriren LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia, «jabekuntza feministarako eta eraso sexisten aurkako borrokarako funtsezko proiektuak» direla defendatu dute. Hau onartzea eta «beharrezko baliabideak eskaintzea» eskatu diote Gorka Urtaranen Gasteizko Udalari.

Sorgineneak eta Behatokiak agerraldia egin dute Gasteizen. (LUMAGORRI)
Sorgineneak eta Behatokiak agerraldia egin dute Gasteizen. (LUMAGORRI)

Gasteizko udal zerbitzuko Sorginenea-Tu Casa Feminista eta Lumagorriren LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak agerraldia egin dute gaur «bi egitasmoen bideraezintasuna» salatzeko, «baldin eta Gasteizko Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira».

Aurrekontuen elaborazio fasean, erakunde biok 2020. urterako gastuen balioespena aurkeztu zuetela azaldu dute. Bertan zehazten zenez, 130.000€koa zen Sorginenearena eta 70.000€koa Behatokiarena. «Bi proiektuetan aurrekontu-sailaren atal handiena langileen soldatak ordaintzeko da. Bi kasuetan hitzarmena aurten sinatu da, egitasmoa abian jartzeko helburuarekin eta sei hilabeteko aldirako gutxi gorabehera, Sorginenearen aurrekontua 90.000€ eta Behatokiarena 30.000€ izanik», azaldu dute.

Gorka Urtaran alkateak eta Maider Etxeberria alkateordeak aurkeztutako aurrekontu-proiektuan, 2019ko aurrekontu biak bere horretan uzten dituzte. Hau da, sei hilabetetarako aurrekontuak zirenak urtebeterako izango dira.

«Biak hiri proiektu estrategikoak dira, prozesu luzeen ondorioz sortuak eta mugimendu feminista eta LGTBI+ren aldarrien emaitza», adierazi dute. Era berean, gogora ekarri dute Gasteizko Udalak, uztaileko mozioan, ahobatez onartu zuela bi egitasmoak «sendotzeko eta bermatzeko baliabide nahikoak» jarriko zituela.

Gaur azaldu dutenez, baina, «errealitatea bestelakoa da». EAJ eta PSEren Udal gobernua seinalatu dute zuzenean. «Argazkia atera eta proiektua saldu ondoren, proiektuen finkatzea eragozten du eta bideragarritasuna oztopatu. Azpijoko hori baliogabetu ezean, zuriketa more (purplewashing) eta zuriketa arrosa (pinkwashing) deitu genezake».

Biak ala biak, Sorginenea-Tu Casa Feminista bai LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia, «jabekuntza feministarako eta eraso sexisten aurkako borrokarako funtsezko proiektuak» direla defendatu dute. «Bi proiektuen balioa aitortzea eta beharrezko baliabideak eskaintzea eskatzen dugu, baita haien bideragarritasuna eta finkapena bermatzea ere, aurtengo uztaileko osoko bilkuran aho batez onartutako mozioan jasotzen den bezala».