Nagore BELASTEGI

Joseba Tapiak ‘TranpAldo’ zuzeneneko diska eramango du Durangoko Azokara

Iruñeko topaketa batean ezagutu zituen Joseba Tapiak jazz mundutik datozen musikariekin batera taldea osatu eta herri musikaz bustitako 10 kanta bildu ditu bere «barkarkako» zortzigarren diskan. Azken 20 urtetako ibilbidea ospatzeko modu bat ere bada lan hau.

Trikitixa metalezko musika tresnekin batu du Tapiak disko berrian. (Gorka RUBIO / FOKU)
Trikitixa metalezko musika tresnekin batu du Tapiak disko berrian. (Gorka RUBIO / FOKU)

Joseba Tapiak bere bakarkako zortzigarren lana kaleratu du. Bakarka egin duela esatea ez da guztiz egia; trikitilaria urteetan bere kide izan den Xabier Berasaluze ‘Leturia’ pandero jolea gabe egin duela esan nahi du, baina beste musikariez ondo inguratuta sortu du ‘TranpAldo’ diskoa.

20 urte dira «bakarkako» lehen diskoa egin zuela eta ospatzeko erabaki du lan hau egitea. Duela hiru urte Intxaurrondon Broken Brothers taldeak eskaini zuen kontzertu batean izan zen Tapia, eta bertan ezagutu zuen Jon Celestino tronpetajolea. Tapiari «izugarri» gustatu zitzaion taldearen musika, eta era berean, Celestinok aspalditik ezagutzen zuen Tapiaren jarduna, eta erabaki zuten noizbait zerbait elkarrekin egingo zutela.

Hala, tronpetajoleak trikitilaria Iruñean egiten duten festa batera gonbidatu zuen. «Herri musikak lotzen gaitu. Broken Brothers zentzu zabalean lantzen du, musika beltzetik gatoz, funketik, jazzetik. Azken urteetako herri musika hortik dator. Gu Euskal Herriko herri musikaren zale egin bagara duen freskotasunagatik izan da», adierazi du.

Iruñeko festa hartara ere Nerea Erbiti joan zen, gonbidatu gisa eta egun horretan ezagutu zuen Tapia. «Tapiak jada proiektuaren ideia zuen. Ni trikitilaria naiz. Pandero brasileñoarekin frogatzen hasi ginen eta koroak sartzea proposatu zidan. Tapia eta Leturiaren musikan ahotsak beti izan du presentzia handia», onartu du Erbitik. Ohiko formulatik aldendu nahian, beste bi abeslari gonbidatu zituzten: Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe.

«Gure taldean sartzeko trikitilaria izan behar zara. Denok jotzen dugu trikitixa, Musikenetik pasatu den musikari gutxi dugu», esan du brometan Tapiak, kasualitatez hala suertatu delako. Taldea osatzen dute Ibon Irixoak saxoarekin, Asier Ituartek tronboiarekin, Jexux Aranburu ‘Txus’-ek organoarekin, Iñigo Telletxeak baxuarekin eta Iker Uriartek bateriarekin.

«Duela urte dexente rockaren inguruko mahai inguru batean Josu Zabala kexatzen zen nola euskal trikitixa beste musika tresnekin ez zen elkartzen, gureak ez duelako soinu naturala gitarrarentzat, Si bemolean jotzen delako. Iruñan elkartu ginenean metalak Si bemolean jotzen hasi ziren eta oso eroso sentitu nintzen», kontatu du trikitilariak.

Honela, Euskal Herriko musikari bultzada bat emateko intentzioarekin bere kantu zaharrei begirada bat bota zien, estribilo itsaskorren bila, eta taldea osatu zuten. Hainbat kontzertu eskaini ostean, pasa den urriaren 25ean eskainitakoa grabatzea erabaki zuten eta honela sortu dute zuzeneko diskoa. Zuzeneko emanaldiek bi orduko iraupena badute ere, 10 kanta aukeratu dituzte, bakarka zein Leturiarekin batera sortutakoak.