Haritz Larrañaga

Pentsioen erreformaren kontrako greba egunean 10.000 manifestari bildu dira Baionan

Estatu frantsesean sindikatuek deitutako greba deialdiak izan du oihartzunik Ipar Euskal Herrian. Antolatzaileen arabera, Baionan 10.400 lagunek manifestazioa egin dute Gobernu frantsesak ezarri nahi duen pentsioen erreforma gaitzesteko. Gaurtik aitzina «mobilizazio iraunkorrean» izango direla ohartarazi dute sindikatuek.

Sektore anitzetako langileak batu dira Baionan pentsioen erreformaren kontra. Bob EDME
Sektore anitzetako langileak batu dira Baionan pentsioen erreformaren kontra. Bob EDME

Erantzun desberdina izan du pentsioen erreformaren kontrako greba orokorrak Ipar Euskal Herrian. Arlo batzuetan greba orokorrak eragin handia izan du, eta beste batzuetan, ostera, apalagoa izan da. Edonola ere, Baionako manifestazioa «1995. urtetik egin den handiena» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Biarrizko aireportua, Hendaia eta Baionako tren geltokiak, edo Baionako postetxe nagusiak grebarekin bat egin dute eta ez dute zerbitzurik eskaini. Garraioan eta irakaskuntzan izan du eragin gehien grebak, baina bestelako arloetan ere izan dira lan uzteak. Lapurdiko enpresa esanguratsu batzuek, Dassault aeronautika enpresak kasu, ordu batzuetako lanuztea egin dute. Izan dira ekintza puntualak egin dituzten sektoreak ere. Adibidez, Baionako portuko langileek zenbait orduz portua blokeatu dute. Aldiz, saltoki handietan eta unibertsitatean ez du eragin handirik izan grebak.

Ezohiko egun baten kontrasteak

Ezohiko egun baten lehen zantzuak errepideetan igarri dituzte Ipar Euskal Herriko biztanleek, izan ere trafikoa oso lasaia zen goizean, baita lantegiek ateak irekitzen dituzten orduetan ere. A63 eta A64 autobideetan ere ez da trafiko arazorik izan, eta Cronobus zerbitzu publikoak ere ia bere osotasunean funtzionatu du.

Saltoki handi eta txikietan ere grebak eragin apala izan du. «Beste egunetan baino jende gehiago gerturatu da txokolatinak erostera, greba egin dutenak manifestaziora joan aitzin hemendik pasatu baitira» argitu du Baionako okin batek.

Ospitaleko langileek greba egin dute, baina grebalariek ere lan egiten dute osasungintzan. Hau da, greba egiteagatik ez dute diru-saria jasotzen, baina lanpostuan egotera behartuta daude, horregatik, greba egiten duten erizainek grebalariak direla dioten afixa bat eramaten dute soinean.

Manifestazio anitza

Baionako tren geltoki parean hasi eta Herriko Etxearen aitzinean amaitu den manifestazioa azken 25 urteetako handiena izan dela jakinarazi dute antolatzaileek. «1995. urtean Juppe planaren kontra egin ziren mobilizazio jendetsuetatik ez zen halakorik izan, ezta 2016an Myriam El Khomri ministroaren lan legearen kontrako mobilizazioetan ere», nabarmendu du kontaketaz arduratu den CGT sindikatuko kideak. 10.400 manifestari kontatu dituzte antolatzaileek, eta 7.000 kontatu ditu Polizia frantsesak.

Edonola ere, manifestazio burua HerrikoEtxera iritsi denean Santespirituko zubia zeharkatu berria zuten martxaren gibelean zihoazen manifestariek eta horrek, zinez jende multzo handi bat izan dela erakusten du.

Eremu anitzetako langileak batu dira, bakoitza bere laneko jantziekin. Baionako epaitegiko abokatuak toga zuri-beltza soinean zutela kaleratu dira, suhiltzaileek sua piztu dute bengala gorriekin manifestazioa pasatzen zen hainbat lekutan, eta trenbideetako langileek txaplata indartsuak leherrarazi dituzte ibilbidean zehar.

Sindikatu desberdinek zein arlo anitzetako antolakundeek haien pankarta eta erreibindikazioekin parte hartu dute manifestazioan, baina eremu sozio-ekonomikoaz haragoko mugimenduak ere izan dira manifestazioan. Aitor Servier, Aitzinako bozeramaileak, «pentsio duinen aldeko borroka hau gure geroaren aldeko borroka bat dela» adierazi du. «Finean, erreforma hau gauzatzen bada, zera gertutako da, denbora gehiagoz lan egin beharko dugula pentsio urriagoa izateko», salatu du gazte antolakundeko ordezkariak.

Antton Harinordoki Bizi mugimenduko kideak ere onartu du «bitxi egiten duela ekologisak erretretaren erreformaren kontrako manifestazio batean ikustea», baina bere iritziz «klima aldaketak eskatzen duen gizarte aldaketa ez da emango aldaketa sozial bat ematen ez bada, eta erreforma honekin lan gehiago egin dezagun galdegiten digute, gehiago produzitu dezagun, eta ikuspegi ekologista batetatik justu kontrakoa proposatzen dugu, gutxiago produzitu behar dugula, gure indarrak gizartearen egiazko beharretara zuzendu ahal izateko».

Mobilizazio aro baten hasiera

Baionako manifestazioan parte hartu duten sindikatu guztiek (LAB, CGT, FO, FSU, UNL, UNEF eta Solidaires) bat egin dute gaurko greba egunaren ostean mobilizazio aro bat irekitzen dela esaterakoan. Heren Muruaga, LAB industria saileko kidea eta Sokoa enpresako langileak azaldu duenez, manifestazioaren ostean sindikatuek eta arlo desberdinetako antolakundeek bilkurak egingo dituzte aurrera begira grebari zein segida emango zaion erabakitzeko.

Nolanahi, «mobilizazio aro mugagabe baten hasiera» iragarri dute ordezkari sindikal gehienek. «Greba honekin ez da ezer amaitzen, ez ditugu ekintza puntualak proposatzen, greba honekin mobilizazio aro iraunkor bati hasiera emango diogu, zeren luze iraun beharko dugu Gobernu zurrun honen nahiak aldatzeko», esan du Dominique Pons CGTko ordezkariak.

Gauzak honela, manifestazioa amaitu osteko bilkuretan hurrengo aste eta hilabeteetan egingo dituzten mobilizazioak zehaztuko dituzte eta haien berri datozen orduetan emango dutela jakinarazi dute sindikatuek.