NAIZ

Sagardo Apurua, sagardoaren maitaleen topagunea, astelehenera arte Donostian

Aurtengo sagardo berria, 2019ko uztan egindakoa, Astigarragatik jaitsi da Donostiara Urumea ibaian zehar. Horretarako, «ala» bat erabili da, garai batean sagardoa eta material ezberdinak garraiatzeko erabiltzen zen ontzi bat.

Garai batean bezala ekarri dute sagardo berria Astigarragatik Donostiara. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Garai batean bezala ekarri dute sagardo berria Astigarragatik Donostiara. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

HIKA teatroak ireki du, «Sagar Haragiz» obraren estreinaldiarekin, 2019ko Sagardo Apurua Donostiako Bulebarren. Lakuako, Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariak bildu dira, baita sektoreko kideak ere.

Sagardoa Routek antolatu du ekitaldia, sagardoaren maitale direnentzat eta ezagutzen ez dutenentzat, bere balioa ikusi eta zabaltzen dutenentzat eta oraindik dastatu ez dutenentzat.

Astelehenera bitarte, topagune izango da uzta berria dastatu nahi duten guztientzat. Bertako pintxoak, bertsoak eta Miren Narbaiza zein Sergio Nguemaren kontzertuak izango dira lagun.

Sagardoa Urumean barrena, garai batean bezala

Aurtengo sagardo berria, 2019ko uztan egindakoa, Astigarragatik jaitsi da Donostiara Urumea ibaian barna. Horretarako, `ala´ bat erabili dute, garai batean sagardoa eta material ezberdinak garraiatzeko erabiltzen zen ontzi bat. Ekintza honek `Urumea, sagardoaren ibaia´ izena du. Lizeaga, Petritegi eta Albaola Itsas Faktoriak sortua da.

Behin sagardoak Donostiara iritsita, Albaolako lagun taldearekin deskarga egin, kupelak gurdira igo, eta idi pare batekin eta trikiti eta panderoaren kalejira doinuekin Bulebarreko baserrira garraiatu dituzte. Bidea kalejirak lagunduta egin dute sagar muztio berria jendeari eskainiz.

Bulebarreko baserria

Garai bateko sagardotegi bat eraiki dute Bulebarren, orduko Donostiako sagardotegi eta baserrien itxura eta giroa biltzen dituena. Donostia sagardoaren hiriburua izan da mende askotan: Alde Zaharrean 100 sagardotegitik gora omen ziren aspaldian. Garai haietan, kupelak lehenengoz ireki eta dastatzeari deitzen zitzaion Apurua.

Larunbatean, 10.30ean, uzta berria aurkeztuko dute Euskal Herriko zazpi lurraldeen izenean. Sagardo berria nola datorren azalduko dute eta Sagardoa Route proiektuaren 2020rako azken berrikuntza ere komentatuko dute: sagardotegian mahaia zein sagardo munduko esperientzia guztiak erreserbatzeko tresna automatikoa www.sagardoa.eus webgunearen bitartez.