NAIZ

12,2 miloi litroko sagardo uzta izan da 2019an Euskal Herrian

Guztira 12,2 milioi litro sagardo egin da Euskal Herrian. Horrela eman dute jakitera gaur Donostian ospatzen ari den Sagardo Apuruan. Bertan aurkeztu dituzte zazpi herrialdeetako eragileek Sagardo Route delakoa ere.

Aurtengo uztaren aurkezpena Donostiako Sagardo Apuruan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Aurtengo uztaren aurkezpena Donostiako Sagardo Apuruan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Aurtengo uzta oparoa izan da, bai kopuruz bai kalitatez», laburbildu dute 2019an Euskal Herrian eman den sagardoaren ekoizpena Donostian ospatzen ari den Sagardo Apuruan jakitera eman dutenez.

Aurtengo udaberria eguzkitsua izan da eta loraldi luzea izan dute. Horren ondorioz, lore kopuru handia izan dute sagarrondoetan. Sagar aleari dagokionean, hasierako sagar goiztiarrak txikiagoak izan dira eta beranduago bildutakoak handiagoak. Dena den, sagar errendimendua altua izan da.

Hauek dira 2019ko uztan ekoiztu diren 12,2 milioi litro sagardoaren ezaugarri nagusiak: Aroma aldetik intentsitate handikoa. Estruktura, gorputz eta izaera handikoa. Freskotasun handikoa. Txinparta finekoa eta alkohol kopuru baxuagokoa.

Txotx garaia hastear dagoenean, aurten 800.000 bisitari izan dituztela sagardotegietan azaldu dute. Astigarragan denboraldiaren irekiera urtarrilaren 15ean izango da, Sagardunek antolatuta. Goierrin urtarrilaren 16an izango da Zeraingo Otatzan eta Tolosaldean urtarrilaren 31n Casino elkarteak Tolosa Gourmet eta Tolosako Udalarekin antolatuta. Bizkaian, berriz, urtarrilaren 23an irekiko da txotxa Zornotzako Uxarten eta Araban urtarrilaren 16an. Nafarroari dagokionean, Lekarozko Larraldean egingo dute urtarrila erdialdean.

Honekin batera, sagardotegien etorkizuna lantzen duen Sagardoa Route agentziaren berri eman dute gaur ere. Bertan biltzen dira sagardoaren inguruko esperientzia eta eskaintza multzoa eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 62 sagardotegi biltzen ditu. Euskal jatorrira itzultzeko helburua du ekimen honek.

Garai berrietara egokitzeko bidean www.sagardoa.eus helbidean menuen erreserba automatikoa egiteko aukera izango da 41 sagardotegitan. Honez gain, sagardo munduko espereintzia guztiak erosi ahal izango dira bertan.